GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aiton-amonak gure herrien historia azaltzen «ni euskalduna» ekimenean

«Ni euskalduna» bideoblog berrian, aiton-amonek gogora ekartzen dituzte hainbat euskal herritako istorio txikiak. Gure herrien memoria gordetzea, euskalki desberdinak biltzea, eta bide batez, aiton-amonak teknologia berrietara hurbiltzea dira proiektu berritzaile honen helburuak.

p020_f01.jpg

Jon ADAN I

B a al zenekien Karlistadetan Hernaniko udaletxea txikitu zutela eta berriz eraiki behar izan zutela? «Ni euskalduna» bideoblogean, aiton-amonek euskal herrietako historiaren halako hamaika pasadizo kontatzen dituzte. Bilbon, urtarrilaren 4an, Metroo sare sozialak, Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin, euskal herrien memoria biltzen ari den «Ni euskalduna» bideobloga jarri zuen martxan: www.nieuskalduna.metroo.es. «Ideia joan den urteko martxoan bururatu zitzaigun, eta irailean ekin genion lanari», azaldu zion GARAri Susana Martinek, webgunea diseinatu duen langileetako batek.

«Bideoetan, gure aiton-amonak ikus ditzakegu, elkarrizketa dibertigarri eta interesgarrietan, euren herrietako gauza berezienak kontatzen», azaldu digu. Hartara, euskararen garrantzia eta erabilera, jai nagusien bilakabidea, herriko istorio eta zurrumurruak, pertsonaia famatuak, herriko ohiko lan eta bizimodua, inguruko herriekiko harremana, eskolako ohiturak, gerra garaiko kontuak eta abar kontatzen dizkigute.

«Sokan, txantxurrike, kilibi-kalaban... jolasten ginen». Lehen baino lasaiago bizi direla diote Mertxe Bajo, Dominga Zuaztartazar eta Miren Bikandi iurretarrek. Hala, Iurretako bizitza nolakoa zen eta zertan aldatu den kontatzen digute: abade-etxea erre zela; baserriko bizitza; Durangoko plazako salmentak; Iurretan zegoen denda; sanmigelak, Iurretako festa nagusiak, inguruko herrietan oso famatuak direla; eta gauza interesgarri gehiago azaltzen dizkigute iurretar amama jator hauek.

Proiektuaren helburuak, Martinek argitu duenez, honakoak dira: «Gure herrien historia eta euskalki ezberdinak biltzea, 2.0 komunitateetan euskararen erabilera sustatzea, Interneten eduki berri bat eraiki eta bertan adin guztietako pertsonak biltzea eta gure aiton-amonak teknologia berrietara hurbiltzea». Udalek ere parte har dezakete.

Antzinako hamaika pasadizo

Blogaren artikulu bakoitzean agertzen dira elkarrizketaren esaldi bereizgarrienak, herri bakoitzeko leku garrantzitsu edo berezienak erakusten dituzten argazkiak eta Youtube atarian NiEuskalduna TV kanalean jarritako bideoa. Bertan ageri diren aiton-amonen kanta, irribarre eta dantzen bideoak ikustekoak dira. Hartara, «Ni hernaniarra!» atarian, Joxe Migel Aranak eta Tomas Alonsok gaurko eta lehenengo Hernanitik bueltatxo bat ematera gonbidatzen gaituzte: Nikerboker galtzak jantzi, Ezkiaga pasealekuan (Tilosetan) dantza egin eta ligatu, sanjuanak ospatu, zurrukutuna eta lehengo Hernaniko tabernetan prestatzen zituzten kazuelitak dastatu... horren guztiaren berri ematen dute bideoan. Hernaniri buruz gauza interesgarri asko ikasiko ditugu hernaniar hauekin.

Legutio herria dugu beste adibide bat, artzain herria, ganaduarekin bizi zena, herri euskalduna eta euskaraz egiten zuena... baina frankismo garaian alde egin behar izan zuen herria. Herritar askok dena utzi eta Durango, Gasteiz eta beste herri batzuetara alde egin behar izan zuten. Bakar batzuk besterik ez ziren itzuli herria berreraikitzera. Horietako bat da Nemesio Ugarte, herrian jaio eta hil nahi duen legutioarra. Legutioko garaiko historiaren zertzeladak eman, eta besteak beste, urtegiek herrian izan duten garrantzia azaltzen du.

Edota Urnieta herriko istorioak ere bai. «Astigarragako sagardoa modernoagoa bazen ere, lehen herrian sagardotegi gehiago zeuden», dio Lupe urnietarrak. Hala, bere garaian, Urnietan Astigarragan baino sagardo gehiago egiten zela, antzerkiak garrantzi handia zuela herrian, bertso saioetan beti zegoela zelatari frankistaren bat eta bertsolariei isunak ezartzen zizkietela gauza debekatuak hizpide hartuz gero, elizak garrantzi handia zuela... eta halako kontu interesgarri gehiago azaltzen ditu bideo honetan urnietar jator honek.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eskari ugari, eta jomugan Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira iristea

Susana Martinek, webgunearen diseinatzaileak, GARAri egindako adierazpenetan azaldu duenez, «orain arte bideoblogean argitaratutako herriak, Berriz, Fruiz, Iurreta eta Sukarrieta izan dira Bizkaikoak; Gipuzkoakoak, aldiz, Hernani, Mendaro, Urnieta, Zegama eta Zumarraga. Arabari dagokionez, Legutio herrikoak argitaratu ditugu oraingoz».

Herri askotatik elkarrizketak egiteko eskariak jasotzen ari direla aipatu du, «Astigarraga, Dima eta Azkoitia grabatuta ditugu, eta argitaratzeko prest daude. Bestalde, datozen asteetan Bakio, Plentzia eta Hondarribian egingo ditugu elkarrizketak».

Beraz, «proiektua jasotzen ari den harrera ona eta elkarrizketak egiteko eskari kopurua kontuan hartuta, etorkizunean Nafarroako eta Ipar-Euskal Herriko herrietara iritsiko gara ziur asko», azaldu du Susana Martinek. J.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo