GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Emaginaren garrasia

Bai, lapurreta asko izan ziren hemen trantsizio deitu zuten zer-aldi hartan; uste baino gehiago izan ere. Autodeterminazio-eskubidearena, kasurako. Pankartaz pankarta, kalerik kale, lurraldetik lurraldera, euskal mundura jaio eta hazi egin zitekeela ikusita, beste batzuen armadak galarazi zituen, balizko eremu politikotik, haren lehenengo arnasak izateko zirenak. Batzuei gorpu jaio zela xuxurlatu eta zuzenean lurperatu zuten, jakinaren gainean eta maltzurkeriaz, gau hutsean. Aldi berean, urrutiko laborategi politiko batean, bataren azpian uniformea, lagunduriko ernalketaz zer bat jaio arazi zuten, eta euskal lurraldeetara ekarri, aginduan, galdu omen zen haren sabelaldi berekoa bailitzen. Konstituzioa. Lehendik, internet uhinetan zegoenean, zera nuen irakurrita ez dakit nongo atarikoren batean, hots, zer transgeniko horren erditze unean inguruan begira zituenen artean jatorrak ziren bakarrek, emagina eta abadearen ondokoa, kristoren garrasi ixila bota omen zutela sortu berria ikusi bezain laster, hain ei zen itsusia!

Tira! lurperatu zuten hura adinez helduta egongo zen gurean honezkero. Eginez, batek daki! sutan jartzean probatzen baita nolakoa den eltzea, euskaldunen eltzea bada ere. Ur geldiak ez du errota mugitzen, titaniozko errota izan arren. Dena dela, iraganaz nork bere gogoeta eta batzuek eurena azpikontratatua, kontua zera da, Kantaurialdeko lurra harrotu egin zuela ongarri hark, kostalde berdekoa zein barnealde grisekoa ondo harrotu ere. Haren ondorioz gaur inoiz ez bezalako izakia dugu geurean, eta geurekin, bizigai eta bizirik, gozagai eta ernegai, biharkoaren atari. Ate asko behingoz zabaltzeko, horma asko behingoz apurtzeko. Harri ibilian goroldiorik ez, goroldio transgenikoa behinik behin.

Baina zuhaitzak basoa egiten du, ez du basoa ezkutzatzen. Kutxabank horrena Hilkutxabank izan daiteke. Edo Puskabank. Putzabank ere, are gehiago putz horrek lurraldetik lurraldera dituen adiera desberdinak kontuan izanda. Hortaz, momentuz buru duen horrek egunotan esana argigarria da, geografian interesatua denarentzat behintzat, hau da, banku berri zer horren esparruak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba hartzeaz gain beste lurralde bat ere hartzen duela! Nafarroa? Bai zera, lerdo halakoa!. Cordoba, bai, horixe ere hartzen du abiapuntu banku izan nahi duen banku horrek. Nago ni, batzuen apustuak faltsuagoak direla Amaiurreko Ceutako senataria baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo