GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Le Journal, Jean-Louis Davant 2012/1/18

Txillardegi, batuaren aita Baionan

Txillardegi joan zaigu beraz, eta harekin gure historiako zati on bat, mende erdia gainditzen duena. Hegoaldean asko aipatzen da, hegoaldekoekin soilik, iparralderik ez balego bezala. Alta bada, bere bizitzaz eta obraz, iparraldekoa ere daukagu Txillardegi.

1961eko urtats irian honara ihes etorri zen donostiar lantegi bateko grebaren ondorioz. Hor ingeniaria izanez, langileen alde agertu zen, greba egitea debeku zagolarik. Espainiar poliziaren usaiako manerak ezagutuz, ETAkoa zela aitortzeko arriskua baztertu zuen bi Estatuen arteko muga iraganez. (...)

1964ko udazkenean berriz, Hazparneko laborantza eskola sortu berrian, matematiken irakasten hasi zen, eta beraz lehen hiruhilekoan elkarrekin lan egin genuen hor. Zoritxarrez prefetak hemendik haizatu zuen, eta Txillardegi Belgikara joan zen. Urte zenbaiten buruan Lapurdira itzuli zitzaigun familiarekin. 1971an Donibane Lohizungo Aberri Egun istilutsuan parte hartu zuen Monzonekin. Biak berriz desterrura manatu zituen Frantziako gobernuak. (...)

Niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia.

1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzu hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Hor elkarlanean genbiltzan bizpahiru ETAko, beste hainbat EAJko (haietan Monzon), ni Enbatakoa, Roger Idiart irakaslea, azken bilkuretan beste hiru apez: Andiazabal, Hiriart-Urruty eta Lafitte.

Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte andana batekin. Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia eta deklinabidea bereziki. Ondotik Euskaltzaindiari proposatu genizkion, eta honen gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona.

Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina! (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo