GARA > Idatzia > Kultura

Inoiz egindako bertso txapelketa «indartsuena» hasiko da Araban

Orain dela bi urte Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketak izan zuen arrakasta ikusita, eta Arabako bertsolaritzari «bigarren astindu bat» emateko gogoz, berriro egingo dute taldekako lehiaketa, baina oraingoan, zabalagoa; 12 talde arituko dira bat-batean eta beste 25 idatziz.

p057_f01.jpg

GARA |

Otsailaren 3an hasiko da Gasteizen Arabako bertsolari eta bertsozaleen txapelketa, «guztiek gozatzeko moduko festa handia», eta martxoaren 24an bukatu Aramaion. Tartean izango dira bazkal, askal edo afalosteko kanporaketak, eta zizka-mizka batzuk jan ondoren arratsaldeko jaialdi formatuan jokatuko dituzten finalerdiak. Hamabi talde bat-batean; hogeita bost idatziz, hainbat eskualdetakoak. Atzoko aurkezpenean adierazi bezala, «Araban inoiz egin den txapelketa parte hartzaileena da, eta indartsuena», bertsolaritzaren inguruko mugimenduaren suspergarria.

«Bertsolari berriak aurkeztuko dira, gai jartzaile berriak trebatu, epaile berriak sortu eta entzule berriak hurbildu», iragarri zuten Arabako Bertsozale Elkarteko bozeramaileek. Banakako lehiarik ez da izango, talde eta auzolana baizik, eta herriz herriko bertsozale taldeen autoantolaketa eta ekimenaz, bertsolaritzaren sare soziala zabaltzeko egingo dute ahalegina. «Jende multzo handia biltzea espero dugu, eta elkarlanak biharko herrialdeko bertsolaritzaren oinarria sendotu eta ziurtatuko du».

Taldeen ezaugarriak

Bat-bateko modalitatean, Aiaraldeko, Gorbeialdeko, Lautadako, Arabako Errioxako eta Gasteizko hamabi talde lehiatuko dira, lau ligatan banatuta. Taldeok 10-13 lagunez osatuta egongo dira: hiru-sei bertsolari, trikitilari bikote bat eta epaile, gai-jartzaile, audio grabatzaile, kronikagile, argazkilari eta bideo grabatzaile bana izango dituzte. Idatzizkoan, berriz, hiru-hamar laguneko taldeak lehiatuko dira, eskualde ugaritakoak: Aiaraldea, Gorbeialdea, Lautada, Arabako Errioxa, Gasteiz, Mendialdea eta Añana. Saio bakoitzean, bi modalitatez gozatzeko aukera izango da. Informazio gehiago, www.http://www.arabakotxapelketa.org/ helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo