GARA > Idatzia > Mundua

Sozialdemokraziaren 30 urteko hegemonia etetear da Finlandian

Sauli Niinistö presidentegaia da faborito Finlandiako hauteskundeetan, eta aurreikuspenak betez gero, sozialdemokraziaren 30 urteko nagusitasuna eten lezake, 1956tik postu hori eskuratzen duen lehen politikari kontserbadorea bihurtuta. Gaur bozen %50 lortu ezean, aldiz, bigarren itzulia egin beharko dute martxoaren 5ean. Kasu horretan Paavo Väyrynen edo Pekka Haavisto hautagaiak izango ditu aurkari.

p030_f02-97x100.jpg

GARA |

Finlandiak 30 urtetan zehar boterean izan den korronte sozialdemokratari agur esan liezaioke gaur, presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, Sauli Niinistö kontserbadoreak %50eko hesia garaitzen badu.

Azken hilabeteetan egin diren zundaketek bera ematen dute garailetzat, nahiz eta hauteskunde kanpainan zehar hautesleek adierazten dioten babesak behera egin, %50 atzean utzita. Datu horren arabera bigarren itzuli bat beharrezkoa izango litzateke.

Egindako azken galdeketek Niinistök -63 urteko abokatua- bozen %39 jasoko duela diote, Tarja Halone presidenteari, hamabi urteren ondoren, postua kenduko liokeelarik.

Abantaila hori mantenduz gero, garaipen historikoa erdietsiko luke, 1956tik Finlandiako lehendakaritza lortzen duen lehen hautagai kontserbadorea izango litzateke-eta.

Horrela, Jyrki Kataine-k, bere alderdiko buruzagiak, 2011ko hauteskunde orokorretan lortutako garaipenaz -lehenbiziko gobernuburu kontserbadorea izan zen- hasitako ibilbideari jarraituz.

Atzetik, Paavo Väyrynen zentrista eta Liga Berdeko Pekka Haavisto ditu, botoen %17rekin bigarren postu bat lortzeko lehia bizian murgilduta. Haavistok hauteskunde kanpainan gerra zikinik bortitzena jasan behar izan du homosexuala izateagatik.

Postu nagusietatik urrun, besteak beste, Finlandiako politikagintzako hainbat izen ezagun aurki daitezke; hala nola, Paavo Lippnen lehen ministro ohi sozialdemokrata edo Timo Soini buruzagi ultraeskuindarra, zeinaren Benetako Finlandiarrak alderdiak 2011ko hauteskundeetan hirugarren indarra izatea lortu zuen.

Lehen itzulian Niinistök bozen %50 lortu ezean, Väyrynen edo Haavisto hautagaien aurka lehiatu beharko du, bigarren postua eskuratzen duenaren aurka, presidentetzarako bidea korapilatuko diona.

Hauteskunde kanpainak Finlandiak Europar Batasunean izan behar duen rola eta euroguneko krisi ekonomikoa izan ditu gai nagusi, nahiz eta politika europarra eta ekonomia ez diren presidentearen eskumenak. Besteak beste, Armadaren buruzagitza, ministroak izendatu eta kargugabetzea, legeak ateratzea eta kanpo politika zuzentzea dira -beti ere Gobernuaren aholkua jarraituz- bere funtzioak.

Finlandia kreditu-kalifikazio nagusia duen -A hirukoitza- euroguneko lau herrialdeetako bat da, baina krisiak bere ekonomia -esportazioen menpekoa- ere kaltetu du.

Eztabaida horrek hautagaiak bereizteko balio izan du, batzuk egungo Gobernuaren jarrera europeistaren alde agertu dira -tartean Niinistö- eta beste batzuek, Väyrynen-ek eta Soini-k bereziki, euroa uztearen aldeko jarrera hartu dute.

Beste gai askotan ordea, hautagaien artean adostasuna izan da nagusi, euren ideologiaren araberako aukeraketa bat egitea zailduz finlandiako hautesleei, batez ere, azken unea iritsi arte erabakia hartu gabe daudenei.

Ohi bezala, hauteskunde kanpaina honetan ere Finlandiak NATOn sartu behar duen ala ez eztabaidatu dute.

Finlandiarren gehiengoak kontrako jarrera izanik, hautagai guztiak, Niinisö barne -aldeko jarrera duena-, oraingoz aukera horren aurka agertu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo