GARA > Idatzia > Kultura

analisia I Megaupload webgunea itxi dute

«Mega-itxiera»

Nor ateratzen da onuradun Megaupload itxita? Jende gehiago joango da orain zinema-aretoetara? Ingeniari honen iritziz, ez dago onuradunik. Izatekotan, sarea kontrolatu nahi duen «norbait» hori.

Iratxe ESNAOLA I Informatika ingeniaria

Megaupload webgunearen itxiera da, zalantza izpirik gabe, azken egunetako albiste nagusia. AEBetan SOPA legea onar lezaketela-eta, horren inguruko protestak pil-pilean zirela, artxiboak partekatzeko Megaupload gunea itxi du FBIk. Eta honi lotutako Megavideo eta Megaporn ere blokeatu dituzte. «Copyright-aren polizia» gisa erabili den FBIk, zazpi pertsonaren kontrako karguak aurkeztu zituen, eta horietatik lau atxilotu. Tartean dira Megaupload enpresaren sortzailea, salmenta eta marketin burua eta garapen zuzendaria. Ikerketa duela bi urte hasi zen eta FBIk kulturaren eta entretenimenduaren industriaren zerbitzura jardun du, duela bost mende asmatu zen egile eskubideen eta copyrightaren defentsa sutsua eginez. Baina kulturaren industriaren alde ari direla dioten arren, funtsean, teknologia eta negozio-eredu konkretu batzuen aurkako amorruzko erasoa da. Ezin da beste modu batean ulertu.

«Estortsioa», «diru-zuritzea», «egile eskubideen aurkako atentatua» eta «krimen organizatua» dira FBIk eta, horri jarraituz, hedabide askok erabili dituzten kontzeptuak. «Megaupload banda» eta «megakonspiratzaileak». Eta hain urrutira joan gabe, «Diario Vasco»n irakurri ahal izan dugu: «FBIk Megaupload pirateriagatik itxi du»; «pirateriaren aurkako kolpea sarean». «Le Monde»-n, berriz: «AEBen erasoa pirateriaren aurka». «Pirateria» hitza erabiltzen dute kultura partekatu eta kontsumitzeko modu bat kriminalizatzeko eta, funtsean, kulturaren sektorean Internet eta baliabide teknologikoetara egokitu nahian dabiltzan negozio-eredu berrien aurka jarduteko. Hori da atzean dagoena, baina ezin dute argi esan. Eta horrexegatik, hain zuzen, eta kulturaren industriaren ezintasuna estaltzeko helburu ustelarekin, «pirateria» hitzaren inguruan marko kontzeptual oso bat sortzea beharrezko dute.

Horixe baita gakoa: Megaupload ez zen albiste izango, duela sei bat urte zinemaren, telebistaren, musikaren eta argitaletxeen industriak negozio-eredu berri bat sortzeko erabakia hartu izan balu. Gaur egun, oraindik ere, tradizioko ekoizpen, edizio eta banaketa prozesuekin jarraitu nahi dute, garai, ziklo eta baliabide berrietara egokitu gabe. Duela 6 urte jaio zen Megaupload. Duela 13, Napster. Eta urteek aurrera egin arren, kulturaren industriak bere «mega-inperioa» mantendu nahi izan du. Hain zaila zaie egoera berria onartzea, hain zaila baliabide eta kontsumo-eredu berrietara egokitzea, ezen legearen indarra ezinbestekoa baitute euren urteetako atzerapenaren dimentsioa murrizteko.

Megaupload artxiboak partekatzeko webgunea da. Bi diru-iturri ditu: Premium erabiltzaileen kuotak eta publizitatea. Baina edukiak doan kontsumitzea ere ahalbidetzen du, horren truke publizitatea jasoz. Eta erabiltzaileak harpidedun bilakatzeko helburuarekin, doako kontsumo horrek abiadura motelagoa izateaz gain, ez du bi artxibo une berean deskargatzeko aukera ematen. Ordaintzen duen erabiltzaileak, berriz, ez ditu bidean oztopo hauek topatuko. Enpresa gisa, 30 langile ditu, 9 herrialdetan banatuta. 180 milioi erabiltzaile eta 50 milioi bisita egunean. Munduko webgune bisitatuen rankingean 70. postuan da. Estatu espainiarrean, 21.ean. Estatu frantsesa da, gisa honetako webguneen kontrako Hadopi legea indarrean dela, Megauploaden bisitari iturri nagusia (%10,2). Atzetik ditu Brasil (%8,8), AEBak (%7,3), Estatu espainiarra (%7,2) eta Mexiko (%7,1). 18 eta 24 urteko erabiltzaileak ditu nagusiki, 25 eta 34 urtekoak hurrengoak. Zalantzarik ez dago: Megaupload kulturaren industrian negozio-eredu berri bat sortzeko ahalegin bat da eta Internet erabiltzaileek ontzat hartu dute.

Nor ateratzen da, hortaz, onuradun Megauploaden itxierarekin? Zer lortzen du zinemaren, telebistaren, musikaren eta argitaletxeen industriak? Akaso, jende gehiago joango al da zinemara Megaupload-en zuten kontua blokeatua dagoelako? Musika disko gehiago salduko al dira? Zer sinetsi behar dugu, artista eta sortzaileek ez dakitela euren obrak zenbat eta gehiagotan deskargatu, orduan eta gehiago irabazten dutela? Zer uste dute, ez dakigula artista eta sortzaile horiexek direla, askotan, euren lanak Megaupload eta gisakoetara igotzen dituztenak? Eta sortzaileak onuradunak ez badira, herritarrak al dira? Edo berrikuntza? Ez bata ez bestea. Ez dago onuradunik. Eta baldin badago, sarea eta sareaz egiten dugun erabilera kontrolatu nahi duen «norbait» hori da: zenbait industria eta horien interesak defendatzen dituzten herrialde eta gobernuak.

Horri erantzuteko sortu dira SOPA (AEB), Sinde (Estatu espainola), Hadopi (Estatu frantsesa) eta lege horiek guztiak: kulturaren industriak jabetza intelektualaren inguruan sortua duen «mega-inperioa» defendatzeko. Baina Internet hori baino askoz gehiago da eta, hortaz, Interneten garapena industria horren interesen arabera baldintzatzea, alferrikakoa izateaz harago, akats benetan larria da.

Megauploaden itxiera eguna, 2012ko urtarrilaren 19a, egutegian gorriz markatzeko eguna da. Honek aurrera jarraitzen badu, Interneten garapen eta bilakaeraren inflexio-puntu bat izango da, ezbairik gabe. Gaur, Internet, atzo baino atzerakoiagoa da: neutraltasuna galdu du, erabiltzailearen askatasuna murriztu da eta Wikipediaren gisako proiektu komunitario eta pluralak arrisku larrian jarri dira. Industriak Internetera egokitu ordez, Internet industrien tradizioei erantzuteko erabili nahi da. Erabaki zentzugabea da, larria bezain salagarria.

Megauploaden itxierarekin, teknologia oso bat eta negozio-eredu berriak legez kanpokotzat jo dituzte. Hori da benetako eztabaida eta eraso guzti hauen atzean dagoen muina: kultura sortu, banatu eta kontsumitzeko modua aldatu dela, eta, hortaz, negozio-eredu berrien beharra dagoela. Megaupload erabiltzeagatik ez da herritarra kultur industriaren krisiaren erantzule bilakatzen eta Megaupload ez erabiltzeagatik ez da zinemara gehiago joango. Horrek ez dauka atzera bueltarik. Megaupload-en erabiltzaileak gisako zerbitzu baten bila dabiltza jada. Vicent Partal kazetari katalanari entzun nion: «Erabiltzaileak eraginkortasuna bilatuko du; deskargatzeko aukera legez desagertzen bazaio, beste bide bat sortuko du; alegia, herritarra kultura eskuragarriagoa dela sentitzen duen testuinguru batean kokatuago dago eta, hortaz, ezin zaio eskuragarritasun hori murriztu».

Horixe da Megauploaden itxieratik atera behar dugun ondorioa: eskuragarritasun hori mantenduz, sortzaileak zein herritarrak onuradunak izango diren eredu berri baten beharra dela agerian geratzen dena. Hutsune hori da bete behar dena, eta Megaupload horretarako saiakera bat da. Hori da bidea, indarrez eta itsu moztu nahi dutena: eta tamalez, Internet berri baina zaharrago baten atarian egon gaitezke oraintxe.

Ataques piratas, asalto en la mansión de Schmitz...

Mientras informáticos atacaban páginas en protesta por el cierre de Megaupload, la compañía de Kim Schmitz buscaba la manera legal de reabrir su portal. La Policía neozelandesa tuvo que asaltar la mansión de Schmitz y será el abogado del caso Lewinsky, Robert Bennett, quien defenderá al fundador del sitio de descargas ante la acusación de «piratería». En la manifestación de Barcelona -a la que se habían adherido 2.000 personas, pero solo acudieron una veintena de jóvenes-, Mireia, una chica que ha visto bloqueados los archivos de sus investigaciones comparaba: «Es como tener un banco y que vaya alguien y lo cierre con todo tu dinero dentro». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo