GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txus Martin aske uzteko eskatu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek

Txus Martin euskal presoaren berehalako askatasuna exijitu zuten atzo Gernikako Akordioaren sinatzaileek Zaballako espetxean. Larriki gaixo den presoak okerrera egin duela esan zuen ostegunean haren anaiak.

p017_f02.jpg

GARA |

Txus Martin gaitz larria duen euskal presoaren egoera salatu eta berehala aske utz dezaten eskatzeko Zaballako espetxearen aurrean bildu ziren Gernikako Akordioaren sinatzaileak  atzo goizean.

Horien izenean, Estitxu Ugarte Hiru sindikatuko bozeramaileak azaldu zuen Martinen gaixotasuna, Espainiako legediaren arabera, presoa kalean uzteko modukoa dela, eta, horrenbestez, Martin kaleratzeko eskatu zuten. Era berean, eskaera hori gaixotasun larriak dituzten beste euskal presoentzat ere egin zuten.

Halaber, joan den ostegunean Etxeratek prentsaurrekoa eskaini zuen Bilbon, eta hainbat euskal preso politikok bizi duten muturreko egoeraren gainean mintzatu zen. Beste senide batzuen artean Joseba Martinek, Txusen anaiak, hartu zuen hitza. Senideek «kezka izugarria» dutela esan zuen, haren osasun egoerak okerrera egin duela irizten diotelako. Bisitetara erabat «desorekatuta» iritsi izan dela, «memoria hutsuneekin» eta elkarrizketa bat «koherentziaz» mantentzeko zailtasunekin. Etengabe aho-zabalka dagoela eta eguneko ordu gehientsuenak erdi lo ematen dituela. Josebak prentsaurrekoan azaldu zuen gelako kideak ohartarazten duela jatera, patiora edo jardueraren bat egitera joateko orduan.

Zaballako kartzelako arduradunek, berriz, presoaren egoerak hobera egin duela dioen txosten bat igorri zuten, eta medikazioa bikoiztu egin diotela zioten. Txus Martinek bizi duen egoera hain larria izanik, Josebak azaldu zuenez, familiak ez du «arrazoi juridiko bat bera ere» ikusten preso mantentzeko.

Bestalde, joan den asteazkenean Iñaki Erro euskal preso politikoa ospitaleratu zuten. Iruñeko Donibane auzoko presoa Almeriako ospitalera eraman zuten kardiopatia iskemiko larri baten ondorioz, Etxeratek ostiralean jakinarazi zuenez.

Etxeratek, ohar baten bidez, salatu zuen Erroren familiak ostegunera arte ez zuela ezbeharraren berririk izan.

Sopelan martxa gaur

Bestalde, bihar, Gernikako Akordioko sinatzaileek deituta, manifestazioa egingo dute Sopelan Ion Etxegarai Begoña auzokideari elkartasuna adierazteko. Etxegarai 2011ko abenduaren 14an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak, 2002. urtean gertatutako kale eraso bat egotzita, eta bi urteko espetxe zigorra, 17.000 euroko isuna eta zortzi urteko gaiasungabetzea ezarri zioten.

Gernikako akordioaren sinatzaileek babes osoa eskaini zioten Etxegarairi, eta alderdi politikoei «ausardia politikoa» eskatu zieten. Bere garaian, Sopelako Udalean Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalaren ebazpen judizialaren aurka, baina EAJk, PSEk eta PPk aurka bozkatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo