GARA > Idatzia > Ekonomia

Lanbide-ziurtagiria jaso dute 61 saregilek, ahaztutako ofizio baten aitorpen gisa

Donostiako Miramar jauregian, itsasoa aurrez aurre zutela, profesionaltasun ziurtagiria jaso zuten atzo Bizkaiko eta Gipuzkoako 61 saregilek. Ofizio honi aitorpen ofiziala egiten zaion lehen aldia da eta aurrera jarraitu nahi dute, hasteko, lan baldintza duinak eskuratuz.

p029_f01.jpg

Iraia OIARZABAL |

Itsasoari lotuta bizi dira, kaian eserita, sareak josi eta josi, uretako uztak zer ekarriko zain. Atzo, hiru urteko ahaleginaren ostean, Lakuako Gobernuak aitorpen publikoa egin zion hamarkadetan zehar Euskal Herriko itsasertzean errotutako lanbide honi. Bizkai eta Gipuzkoako 61 saregilek profesionaltasun ziurtagiria jaso zuten, horrela ofizioaren sarea osatzeko lehenengo haria josi dute.

Miramar jauregian egin zuten ekitaldian gorespen hitzak izan ziren nagusi emakume talde honentzat. Patxi Lopez lehendakariak adierazi zuenez, historikoki oso garrantzitsua izan da sare konpontzaileen lana, eta sarritan zokoratua geratu izan den arren, arrantzak aurrera egiteko euren lana ezinbestekoa izan dela nabarmendu zuen.

Atzo eskuratutako ziurtagiria lortzeko bidea, ordea, ez da hain erraza izan. Josune Renteria Sare Konpontzaile eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkarteko lehendakariak azaldutakoaren arabera, hiru urte dira profesionaltasun agiria lortzeko bideari ekin ziotela. Horretarako, Lanbide Heziketako zenbait eskola jaso behar izan dituzte.

Esperientzia aberasgarria izan dela dio Renteriak. «Elkarrengandik asko ikasi dugu; irakasleek aholku teoriko ugari eman dizkigute, baina, praktikan, guk asko genuen irakasteko», aitortu zuen.

Azkenik, eman beharreko pauso guztien ostean, agiri ofiziala jaso zuten atzo. Renteriak aitorpen hori jasotzea oso pozgarria dela onartu zuen. «Ofizialki sare konpontzaileak gara jada; orain arte ere hala ginen, baina ia ikusezinak izan gara», gaineratu zuen. Izan ere, arrantzaleen lanaren itzalpean geratu izan dira maiz saregileak eta, horren ondorioz, baldintza gogorragoak jasan behar izan dituzte.

Esate baterako, euren lanbideak aitorpen ofizialik ez zuenez, lanak eragindako gaixotasunak eritasun arruntei dagokien trataera jaso dute, lan-gaixotasun gisa tratatu ordez. Ildo horretan, Lakuako Gobernua saregileen gaixotasunak lan-eritasun gisa aitortzeko lanean ari dela jakinarazi zuen Lopezek.

Etorkizun zaileko ofizioa

Ofizio zaharra da saregileena, eta, kasu askotan, belaunaldiz belaunaldi pasatzen dena. Mertxe Mendizabalek badaki zerbait horri buruz. Atzo Donostian bildutako sare konpontzaile guztien artean bera da zaharrena, baita ofizioan urte gehien daramatzana ere. Hamalau urte zituela hasi zen sareak josten amaren bideari jarraituz, eta laster beteko du mende erdi jardun horretan. «Mantala jantzita jaio nintzen», aipatu zuen.

«Lan gogorra da saregileena», hala berretsi dute Renteriak eta Mendizabalek. Lanegun luzeak, egutegi zehatz baten falta... faktore asko dira ofizioa konplikatzen dutenak. «Guk ez dugu egunero lan egiten, egun batean ordu pila bat eman ditzakegu lurrean eserita sareak josten, eta hurrengo hamar egunetan agian ez daukagu lanik», azaldu zuen Mendizabalek.

Izan ere, itsasoko uztak zehazten du saregileen erritmoa. «Itsasontziaren eta itsasoaren arabera egiten dugu lan», azaldu zuen Renteriak. Gaur egun, arrantza kinka larrian dagoela nabarmendu zuten bi saregileek. Sektorea beherantz doala uste dute, gero eta itsasontzi gutxiago dago, eta ondorioz saregileak ere gutxiago dira. Renteriaren arabera, Bizkaian egoera bereziki larria da, Gipuzkoak oraingoz eutsi egin dio krisiaren mehatxuari.

Bestalde, gizonezkoak nagusi diren sektore honetan, emakumeek ontzidiko parte izateko zailtasun ugari dituztela nabarmendu zuen Renteriak. «Emakumeak beti egon gara alboratuta, eta hori aldatu nahi dugu. Honek katean funtzionatzen du eta sektorea gelditzen bada, gu ere lanik gabe geratzen gara, horregatik ofizialtasuna behar dugu, kasu horietan guk ere laguntzak jaso ahal izateko», argitu zuen.

Saregintza galtzear egon litekeen ofizioa dela uste dute, ez baitago jarraipena emateko prest dagoen belaunadi sendorik. «Guk bokazioz jarraitu dugu, itsasoari lotuta gaude eta, azkenean, itsasoak harrapatu egin gaitu», aitortu zuten.

AURRERAPAUSOAK

Azken hilabeteetan, Orion eta Getarian lokal bana ireki du Lakuak bertan saregileek erosoago lan egin dezaten. Aurrera begira, lan gaixotasunen aitorpena lortu nahi dute.

neskatilak

Hurrengo hilabeteetan neskatilen lana aitortzeko bideari ekingo diote, hauen zeregina itsasontziak arrantzarako prestatu, deskargatu eta, portura bueltan, arrantza sailkatzea izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo