GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iñigo Lamarca Iturbe | Arartekoa

ETAko presoak

Euskal preso politikoek eta horien senideek jasaten duten espetxe politika eguneroko eztabaidan dagoela, Arartekoak, euskal gizarteak seinalatutako norabidean, horiei ezarritako salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko eskatzen du artikulu honetan. Beti izan omen da eskaera horren aldeko, eta orain, ETAk bere jarduera armatuak behin betiko uzteko erabakiaren ondoren, indartsuago agertzen du jarrera hori.

Ararteko erakundeak, bere ibilbidean barrena, kexa anitz jaso ditu espetxean dauden ETAko kideen egoeraz. Legez espetxeetako administrazioaren jarduera zehatzak ikuskatzerik ez daukanez gero, Euskadiko Herriaren Defendatzaileak bere eginkizun orokorrari heldu dio, hau da, pertsonen eskubideak ahalik eta ongien zaintzeko eginkizunari, zigor eta espetxe arloko araudiaren interpretazio aurreratuari eusteko. Horrela, Arartekoa beti izan da zigorrak Euskal Herriko espetxeetan edo gure autonomia erkidegotik gertukoetan betetzearen aldeko, eta, orobat, beti aldeztu izan du irizpide orokorren arabera ezar daitezen zigorra betetzeari buruzko arauak, ETAko presoentzat berariazko edo aparteko araurik ezarri gabe.

Espainiako Konstituzioak dioenez, «Zigor askatasun-gabetzaileek (…) berreztea eta gizartean birsartzea dute helburu (…). Norbaiti espetxealdi-zigorra ezarri bazaio eta hori betetzen ari bada, kapitulu honetako oinarrizko eskubideak izango ditu; ez, ordea, beren-beregi mugatuta dituenak, kondena-epaiaren edukia, zigorraren esangura eta espetxe-legea kontuan hartuta» (25-2 artikulua). Agindu horrek xedatzen du –Espetxeetako Lege Organiko Orokorrak 12.1 artikuluan ezarritako manuarekin batera– presoak espetxeen mapan banatzeko orduan, beste ezeren gainetik, saihestu egin behar dela zigorra betetzeak familia- eta gizarte-deserrotzea sor dezan, espetxea eta presoaren sozializazio-eremu naturala elkarrengandik urrun egoteagatik. Irizpide bera jasota dago Europako Espetxeetako Arauen 17. artikuluan eta modu batera edo bestera atxilotuta edo espetxeratuta dauden pertsona guztiak babesteko Printzipioen Multzoan (NBEren Batzar Nagusiaren 43/173 Ebazpena, 1988koa).

ETAko presoekin ezarri den espetxeetako politika, agerikoa denez, terrorismoaren kontrako borrokak mugatu eta baldintzatu du azken urteotan, bai legezko arauak finkatzerakoan, bai arau horiek interpretatu eta ezartzerakoan. ETAko presoak Euskal Herritik kanpoko espetxe askotan sakabanatzeko erabakia, dudarik gabe, Estatuko botere betearazleak baliatutako terrorismoaren kontrako politikari lotuta dago. Era berean, beste erabaki batzuk (adibidez, behin-behineko espetxeratzea gehiegi erabiltzea; baimenak, hirugarren graduko espetxe-sailkapena eta baldintzapeko askatasuna lortzeko mugak jartzea; edo zigorra zenbatzean legearen interpretazio murriztaileak atzeraeraginez ezartzea) Zuzenbideko estatu demokratikoko botereek eta organoek finkatu dituzten parametroen barruan kokatu behar dira. Parametro horiek finkatu dituzte Gorte Nagusiek, legeak onartuz, Estatuko botere betearazleak, espetxeetako administrazioa kudeatuz, eta Botere Judizialak, legeak interpretatuz eta ezarriz, nork bere eskumenen eremuan, helburu berezi bat lortzeko: ETAren ekintza kriminalen kontra borrokatzea eta talde terrorista hori desagerraraztea.


Arartekoak erabat eta tinko salatu izan ditu beti bai ETA, bai haren erailketak eta giza eskubideen haustura larriak, eta jarrera hori guztiz bateragarria izan da beste politika penal eta penitentziario bat eskatzearekin. Izan ere, eman diguten betekizuna kontuan hartuta, pertsonen eskubideentzat mesedegarriena izango den zentzuan interpretatzen ditugu araubide juridiko-konstituzionaleko oinarrizko arauak. Beraz, gure iritziz, zigorren eta espetxeen arloko jardueraren ondorioek ahalik eta harmoniarik handiena bilatu behar dute askatasunean bizitzeko balioekin, balio horiek defendatzeko sortu baitzen jarduera hura. Eredu horrekin bat datoz Zuzenbideko oinarrizko printzipioak: hala nola zigorrak gizaldekoak izan daitezela; erantzukizuna norbaitek gizarteari egin dion kaltearen araberakoa izan dadila; edo, zigorren bidez, gizarteari baliagarri izatea bilatu behar dela, delituak prebenitzeko eta bergizarteratzeko.

Oinarri horiek are zentzuzkoagoak dira bizi dugun egoera berri honetan, ETAk bere ekintza kriminala behin betiko utzi duela iragartzearen ondorioz, bada, testuinguru berri horretan, gainbehera dator eskubide-murrizketa oinarritu duen arrazoia. Arauak interpretatzeko eta ezartzeko oinarrizko erregelek hauxe xedatzen dute: «Arauak euren hitzez-hitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoei eta legegintzazko aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta» (Kode Zibilaren 3. artikulua). Hortaz, aldatu egin behar dira ETAko presoen zigorren betearazpena arautzen eta ezartzen duten jarraibideak, eta gainontzeko espetxeratuekin erabiltzen diren irizpide orokorrekin parekatu behar dira. Planteamendu horrexetatik abiatu nahiko nuke espetxeetako politikan, esparru juridiko eta konstituzioanalaren barruan, gauzak hobetzeko eta aldatzeko dauden aukerak aipatzeko.

Zehazki, berriro eskatu nahi dugu, bereziki azpimarratuz oraingo egoeran, ETAko presoek jaioterritik gertuko espetxeetan bete ditzatela beren espetxe-zigorrak, ez bakarrik lehen aipaturiko printzipio juridikoak bete daitezen, baizik eta baita ere urruntzeak haien senideei eta lagunei dakarzkien ondorio kaltegarriak, kostuak eta arriskuak buka daitezen, ez baitira justifikatzeko modukoak eta ekidin baitaitezke. Hirugarren gradua eta espetxeko zenbait onura lortzeari dagokionez, egia da legeak hainbat murrizketa ezartzen dituela terrorismo delituekin lotutako zigorretarako, baina egia da, halaber, legegileak terrorismoa erabiltzen duten taldeetako kideentzat pentsatuta jarri zituela murrizketa horiek. Gure aburuz, ETAk ekintza terrorista hori esplizituki eta behin betiko utzi izanak erraztu egiten du legea beste modu batean interpretatzea eta, horren ondorioz, ETAko presoei zigorrak betetzeko araubide orokorra ezarri ahal izatea, soil-soilik hirugarren graduko erregimena onartzeari eta zigorrak luditzeari dagokienez.

Orobat, legezko arau batzuetan xedatutakoaren arabera, ezarritako baldintzak betetzen badira eta kasuak banan-banan aztertuta, presoak espetxetik atera daitezke, baldintzapeko askatasuna lortzeko nahitaez bete behar den zigorraren zatia bete badute, edo gaixotasun larriak eta sendaezinak badituzte. Beraz, horrelako arauak ezartzea erraztu beharko litzateke. Era berean, «Parot doktrina» deritzanaren kontrako iritzia dugula aipatu behar dugu hemen –Konstituzio Auzitegiak horren konstituzionaltasunari buruzko erabakia laster ematea espero da–: pertsona batek iraupen luzeko zenbait zigor jaso dituenean, gure ustez, zigor horiek betearazteak nekez balioko du hura bergizarteratzeko, baldin eta, espetxe-onurengatik zigorra laburtzeko asmoz, zigorra betetzeko gehienezko muga oinarritzat hartzen ez bada.

Eskaera horiek guztiak egin ditu Arartekoak sarritan denboran zehar, eta, lehen esan dudanez, orain gaurkotasun eta indar berritua hartzen dute. Nire ustez, oso ondo txerta daitezke araubide juridiko-konstituzionalean, eta, aldi berean, bateragarriak dira giza eskubideak eta, beste arau batzurekin batera, 4/2008 euskal legeak aintzatesten dituen terrorismoaren biktimen eskubideak errespetatzeko balioekin. Balio horietan oinarrituta eraiki behar da garai berri bat, non ETA, behin betiko, agertokitik kanpo egongo den.

ETAk askori kendu die bizia eta giza eskubideak urratu ditu, baina ukaezina da balio demokratikoak nagusitu egin zaizkiola ETAren basakeriari, eta hori garaipen handia da demokraziarentzat. Alderdikeriaz gaindiko eta balio demokratiko horiek babesteko ikuspegitik begiratuta, nire ustez, bada garaia Zuzenbideko estatu demokratikoak bere nagusitasun morala baliaraz dezan eta ETAko presoei araubide juridikokonstituzioala ezar diezaien, alde batera utzita terrorismoaren kontrako borrokarekin zerikusia duten arauak eta interpretatzeko jarraibide bereziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo