GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herria egituratzeko proiektua aurkeztu dute hautetsi zentristek

EAJ, Nouveau Centre eta Modem alderdi zentristetako hautetsiek eta gizarte eragile talde batek Ipar Euskal Herriko egituratze politikoari buruzko eztabaidan parte hartzeko proiektu bat landu dute. Egitasmoak Batera plataformak egindako proposamenak bere egiten ditu.

p013_f02.jpg

Ainize BUTRON |

«Zentristen familiako» Ipar Euskal Herriko hogei bat hautetsik instituzio propioaren inguruan ireki den eztabaidan parte hartzeko nahikeria azaldu berri dute, eta horretarako gizarte eragile talde batekin proiektu bat landu dute. Joan den asteazkenean, Urruñako EAJko zinegotzi Jean Tellecheak eta Nouveau Centre alderdiko Hazparneko auzapez eta kontseilari nagusi Beñat Inchauspek egitasmoaren berri eman zuten, eta, proposamena Garapen eta Hautetsien kontseiluei helarazi dietela jakinarazi zuten.

Batera plataforma azken urteotan lantzen eta herritarren artean zabaltzen aritu den proiektutik oso hurbil kokatzen da. Izan ere, hautetsi taldeak egindako proposamen berri horrek, euskal lurralde elkargo egituraren sortzea hobetsi, eta egitura mota horrentzat legez onartuak diren eskumen eta egituratze formak bere egiten ditu.

Eskumenak eta aurrekontua

Eskumenei dagokienez, gaur egun, Kontseilu Nagusiaren eta Akitaniako Kontseiluaren esku dauden azpiegiturak, ikastetxeen kudeaketa, bideen kudeaketa eta kirol eta kultur arloetako eskumenak egitura berri horretan biltzea aipatzen du proiektuak. Horiez gain, hiru «esperimentazio eskumen» berri eskuratzea du xede hautetsien proposamenak: Europako Egiturazko Funtsen kudeaketa eta transferentzia eta hizkuntz arloko eta mugaz gaindiko eskumenak.

Egitura hori kudeatzeko asanblada bat eratzea proposatzen du, halaber, hautetsi taldeak, eta hor arituko diren hautetsiak bozen bidez hautatzea, eta hirugarrenik, egitura berri horren aurrekontua egun departamenduak eta Akitaniako Kontseiluak jasotzen dituzten Estatuko laguntzekin eta tokiko zergen bidez bildutako diruarekin osatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo