GARA > Idatzia > Kultura

Txapelpunkek «Krem de la krem» bertsio bilduma atera du, taldea markatu duten kantuekin

Lekeitioko Txapelpunk taldea bueltan da, eta Iñigitok, Atrofik, Nanik, Tokik eta Aitortxuk euren bizitzako soinu bandako kantuen bertsioekin sortu dute bosgarren lan hau, «Krem de la krem».

p050_f01_96x84.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Gaztetatik pila bat markatu gaituzten kantuak», horiek bildu dituzte Txapelpunkeko kideek «Krem de la krem» bertsio bilduman. Hamalau kantu dira, hiru euskaraz, ingelesez bat eta gaztelaniaz gainerakoak. Kantu «kañeroak» dira, ondo pasatzeko disko batean bilduta. «Nik kotxean ez dut besterik entzuten!», esan zuen atzo Iñigitok Bilbon egindako aurkezpenean, diskoa jarri eta mikrofonoarekin kantuan, liburu-dendako bezeroen arreta bereganatuta. Durangon grabatu dute, Luberri estudioan.

Euskal rock erradikalaren protagonistak izan diren eta oraindik ere sarri entzuten ditugun taldeak dira nagusi: Kortatu eta «Zu atrapatu arte», Eskorbuto eta «Adios reina mia», BAP! eta «Plastikozko janariak», Delirium Tremens eta «Boga-boga», Ume gaiztuak eta «Ume gaiztuen festa» -Oihane Eskurzak kolaboratu du kantu honetan-, Cicatriz eta «Txota», Zer bizio? eta «Señor juez», M.C.D. eta «Barrenkalle»... Azken honetan M.C.D.ko Joaquinek berak jo du gitarra. Gernikako Zurrapak taldearen «Divino tesoro» ere berreskuratu dute, baita Andanada 7 madrildarren «Pijos de puta» ere.

Bestelakorik ere bada, ordea, Orquesta Mondragonen «Caperucita feroz», esaterako. «Txikia nintzela gaixorik egon nintzen hilabete inguru eta nire amak disko hori erosi zuen. Ez zegoen besterik. Hilabete egon nintzen Orquesta Mondragon entzuten eta nolabait markatu egin ninduen», argitu zuen Iñigitok. Bada bere gazte garaiko kantu bat ere. «Askatu nire lehenengo taldea izan zen, 15 urte inguru nituenean. `Sucias patadas' grabatu dugu, ez ahazteko», esan zuen.

Bestela ezin eta Etsaiak taldea ere presente dago «Paranoia» kantuarekin, Iñigitorekin batera Auok berak abestu du gainera kantu hau. Bukatzeko, euren kantu bat ingelesez abestu dute, «Shit on God». Izan ere, ingelesera itzulitako euren kantuekin beste bilduma bat osatzekotan direla iragarri zuen atzo, Kaliforniako diskoetxe batekin kontaktuan omen dabiltza horretarako, eta AEBetan bira bat egiteko asmoa ere ba omen dute. Oraingoz, Euskal Herrian egingo dute bira «Krem de la krem» aurkezteko. Otsailaren 3an Arrasateko gaztetxean izango dira; martxoaren 2an, Gernikakoan; 27an, Gasteizko Jimmy Jazzen; eta maiatzaren 25ean, Dokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo