GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

NUEVO TIEMPO EN EUSKAL HERRIA Y POLÍTICA CARCELARIA

Proiektu berria abiaraziko du Egin Dezagun Bideak igandean, Kursaalen

p004_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Euskal preso politikoekiko euskal gizarteak hamarkadetan azaldu duen konpromisoak gora egin du etengabe. Inplikazio hori, hain zuzen, prozesu demokratikoaren alde egin diren lanen artean dago. Konpromiso horren islarik fidagarriena iragandako urtarrilaren 7an gelditu zen agerian, Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta, euskal presoak etxeratzearen alde Bilbon egindako manifestazio nazionalean. Bertan bildu ziren 110.000 pertsonek euren hitza eman zuten keinu hura bidean egiteko prest dauden urratsetako bat dela.

Manifestazio hori, hain zuzen, inflexio puntutzat hartu du Egin Dezagun Bidea mugimenduak. Hori adierazi zuten atzo, Donostian, Manu Ugartemendiak eta Ines Osinagak, beste hainbat kidez lagunduta. «Bilbon egon zen pertsona bakoitza, lorturiko emaitzen jabe egin nahi dugu -esan zuten-, eta aurrerantzean, harturiko konpromisoarekin jarraitzera animatzen ditugu denak».

Beraz, konpromisoa eta lana dira hemendik aurrera, gaur egun oraindik indarrean dagoen salbuespenezko kartzela politika aldatzeko jarri beharreko osagaietako bi. Jendartearen inplikazioak gora egin duela jakitun, mugimendukoek adierazi zuten indar guztiek bat egiteko, eta hauek eraginkor bilakatzeko, tresna berri bat aurkeztuko dutela igandean, otsailaren 5ean, 12.00etan, Donostiako Kursaalen. Proiektuaren izena argitu ez bazuten ere, adierazi zuten funtzionatu dezan ezinbestekoa izango dela elkarlana; beraz, bertaratzeko gonbita egin zioten jendarteari, baita eragile sozial, kultural, sindikal eta politikoei ere. Erreminta berria azken asteetan egindako hausnarketen fruitua dela erantsi zuten.

PP eta Asanblea Nazionala

Gizarteak, baita beste hainbat eragilek ere, konponbidearen alde urratsak egin dituela iritzita, salatu zuten «Espainian gehiengo osoarekin gobernatzen duen Alderdi Popularra» dela jarrera «erabat immobilistari» eusten dion bakarra.

Halaber, azken asteetan, «kartzela politika bere horretan mantentzeko justifikazioa legea» izan dela kritikatu zuten. «Preso politikoei aplikatzen zaien legea salbuespenekoa eta murriztailea izanik ere, kasu askotan bete ere ez da egiten. Borondatea egonez gero, legea arazoa ez dela esan izan dugu», gaineratu zuten.

Testuinguru honetan gogorarazi zituzten Estatu espainoleko Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak Parot doktrinaren alde egindako adierazpenak. Jarrera hori, euren aburuz, ez dago «bake eta konponbidea sustatzeko irizpideen gainean eraikia. Alderantziz -erantsi zuten-, gatazka, errepresio eta erabilpen klabeetan eraikitako kartzela politika batean sakontzeko egitasmoa da».

Presoen egoera batetik, eta PPren jarrera ukatzailea bestetik, aintzat hartuta, onartu zuten egiteke dagoen ibilbidea ez dela erraza. Hala ere, gizartearen «lan itzelak» eta «emaitzek» erakutsi dute, hain zuzen, bide «egingarria, emankorra eta lorpenerako aukerez betea» dagoela aurretik.

Bestalde, Estatu frantseseko Asanblea Nazionalak hartutako erabakia txalotu zuen mugimenduak. Dispertsioaren amaiera esan nahi ez badu ere, jarraitu beharreko norabidea hori dela azpimarratu zuten. Horrekin guztiarekin, presoen gaia agenda politikoaren erdigunean dagoela iritzi zuten. «Inork ezin dio horri ihes egin».

Azkenik, atzo elkarretaratzeak egin ziren euskal preso politikoen alde. Bergaran, 86; Mundakan, 16; Urduñan, 40; Ermuan, 40; Lizarran, 49; Lezaman, 18; Deban, 46; Hendaian, 50; Ibarran, 60; Sestaon, 70; Agoitzen, 30; Iruñean, 353; Gernikan, 73; Zizurkilen, 26; Zeberion, 28; Urretxu-Zumarragan, 80 eta Elizondon, 100. Bidaurretan 34 lagun bildu ziren Gorka Mayo bizilagunaren alde.

martin eta erro

Preso politiko batzuk berehala kaleratzearen premia nabarmendu zuten, hala nola Txus Martinen eta Iñaki Erroren kasuetan, izan ere biak ala biak gaixorik daude, oso larri. Gaixorik dauden preso guztien etxeratzea eskatu zuten, halaber.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo