Julen MURGOITIO
Garunaren tamaina
Hau kolpea! Bertsolarien burmuina aztergai jarri dutela irakurri dut egunotan. Jakina, burmuina bertsolariek berek jarri! Tira, egia esan, ez dakit albistea berria ala zaharra den; izan ere, sarri albisteetan desfase gehiago izaten da batzuek lotsatu gabe herri-lan esaten duten makro-azpiegituren azkeneko kontuetan baino. Gauza jakina zen, aurretik ere, aurrekontuak eta atzekontuak ez direla kontu berak, eta atzeak aurrea hartzen ohi diola aurreari zementu kontuetan, hori ere ezaguna zen. Tira, harira! Burmuina aztergai, noiz eta krisiaren larrialdian. Ez dakit kausa-efektua erlaziorik izan daitekeen horretan. Beharbada, bertsolari onaren burmuina erreferentzia nahi dute hartu, politiko ofizial onaren buruan ezinbestean egin beharreko erreforma eta doikuntzetarako erreferentzia. Jainkoak baleki! Ulertzekoa da erronka. Bertsolari ona jarritako gaia entzun eta segituan hasten da bat-bateko jardunean, hemen zorrotz han kamuts, baina oro har zorrotz, atzekoz aurrerako bide-orritik, bidea bera gozatuz, azkenean hasieratik helburu izan duen horretara ailegatzeko. Eta ingurukoak, bero-bero eginda, txaloka, saioa gustura gozatuta eurak ere. Ofizioz politiko ofiziala den hori, ordea, Alemaniatik jarritako gaia entzun eta segituan hasten da Nazioarteko Diru Funtsaren esku-liburuko gidoiaren bide estutik, bat-batean denbora irabazi nahian, lan-merkatua baino zurrunago, inertziak eraginda, pototik potora, Funtsean uso kalean otso; hori bai, bidean gozatuta, azken batean, horienak ez dira neuronak, euronak baizik. Eta ingurukoak, bero-bero eginda, txistuka daudenak txistuka egiten ez dakitenen txaloak jasotzen, edozein herriko plazatan.
Bai, misterioa izan behar du batzuen buru barruko zer horretan gertatzen denak. Passion for knowledge! zioten batzuek orain ez asko, Ezagutzeko Grina! Horra, kasuko, Gipuzkoako jelkide batzuen burmuin horrena. Horixe bai desfasea eta ez atzekontuena! Jakinduria zein gauza handia den! Jainkoak berak baleki! Horra non aurkitu duten Bildura bilduak euskal burgesia berria dela, astegunetan nork bere txokoan eta asteburuetan taldeka iraultza-jaietan. Hori bai grisa, materia horrena! Hiztegira jo dut jakin-minean, eta burmuina edo garuna biak direla egoki berretsi dut. Eta hauxe hango adibidea: Gorilen garuna gizakiena baino txikiagoa da. Bai zera! Tamainak ez du axola, hondartza nudistetan ere ez.