Urtzi Urrutikoetxea
Bannockburn-Amaiur
argia
(...) Independentzia erreferenduma adostu beharko lukete mahaia osatzen duten bi hanka abertzaleek.
Azaroan Matalazen exekuzioaren 350. urteurrena gogorarazi ere ez dugu egin. Erresumaren konkistaren 500.ak zerbait gehiago ekarriko du, baina hori ere joango da. Egia da ez dugula independentzia horregatik behar, baina geure teilatuari harririk ere ez diezaiogun bota, eta baliatu dezagun geure interesean, beste batzuek beren Cadiz eta Navas de Tolosa baliatuko dituzten gisan. Eta sinboloek eta historiak badute lekurik, Euskal Herria eta haren lurraldetasuna ukatzen diren eskualdeetan batez ere. Besterik da egungo estrategiak ordukotik argudiatzea. Horretarako gogoratu behar da Eskoziaren independentzia erreferenduma ez dela oinarritzen ez 1707ko Batasunean, ez nazio izaeran, ezta autodeterminazio eskubidean ere. Londresek Eskoziari ezer aitortu beharrik ez dago. Gatazka armaturik gabeko eta demokrazia egoeran, autodeterminazioak beharrean, printzipio demokratikoak oinarritzen du Eskoziaren (eta Euskal Herriaren, Espainia demokratikoa izatekotan) independentziari buruzko galdeketa.
Urte erabakigarria da 2012. Euskal Herriko eremurik autonomoenean, mendebaldean, hauteskundeak aurki dira. Eta une historikoan datoz. Independentzia erreferenduma adostu beharko lukete mahaia osatzen duten bi hanka abertzaleek. Promesa argia egin: lehendakari bagara independentziari buruzko galdeketa egingo dugu. Deitu Erkoreka, Urkullu, Otegi zein Etxeberria, bere programan Eskoziako galdera sartu behar du. Eta ez eskoziar abertzaleena, David Cameronen galdera argia baizik: «Nahi duzu Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako erresuma uztea eta estatu independente gisa eratzea?»
Hiru herrialdeetarako? Galdetuko didazue. Tamalez, bai. Eta karta hori mahai gainean dutela negoziatu Espainiarekin: edo hiruren independentzia eskaria onartu, edo lauren autonomia adostu eta horri buruzko galdeketa egin. Oiarzabalek esan zuen, azken batean, PP nagusitu zela Euskal Herrian.