GARA > Idatzia > Mundua

Dakarreko kaleak sutan, Wade hautagai dela jakitean

GARA | DAKAR

Abdoulaye Wade Senegaleko presidenteak otsailaren 26an egingo diren hauteskundeetara aurkezteko aukera izango duela erabaki du Konstituzio Kontseiluak eta agintariaren aurka dauden milaka lagunek kalean adierazi dute haserrea: gurpilei eta altzairuei su eman diete, barrikadak egin dituzte, harrika hasi dira Poliziaren aurka... Ostiral gauean hasitako istiluetan poliziakide bat hil zen eta makina bat lagun erietxera eraman zituzten. Atzo giroa lasaiago zegoen, baina leku askotan bezperako borroken arrastoak zeuden ikusgai.

Senegaleko Konstituzioaren arabera, presidenteak bi agintaldi egin ditzake karguan. Wadek dagoeneko egin ditu, eta horregatik herritar askok dio ez duela berriz aurkezteko aukerarik, baina Konstituzio Kontseiluak kontrako erabakia hartu zuen ostiral gauean, Obeliskoaren plazan Waderen aurkako 5.000 manifestari elkartuta zeudela.

«Wade ez da hautagai izango edo, bestela, ez da hauteskunderik egingo», adierazi zuen atzo Amath Dansojo M23 Ekainaren 23ko Mugimenduko eledunak. M23koak atzo elkartu ziren egoera berrian zer egin aztertzeko.

Gainera, hauteskundeetara aurkezteko aukerarik ez du izango Youssou Ndour abeslari ezagunak, legediak eskatutako sinadura kopurua entregatu ez duelako. Ndour bera Obeliskoaren plazan zegoen erabakiaren berri jakin zenean. Istiluak herrialdeko leku askotara hedatu ziren ostiralean bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo