GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14 Castres

Galdu arren, Biarritzek hobekuntza nabarmena erakusten jarraitzen du

p045_f02_097x132.jpg

CASTRES 29

BIARRITZ 23

J.L.

Biarritzek beheko postuetan jarraituko du, baina hortik ateratzea denbora kontua izango da, zuri-gorrien jokoak nabarmen egin baitu hobera. Atzo sailkapeneko lehen postuetan zebilen talde baten aurka aritu ziren, eta bonus bat lortu zuten.

Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek itxura ona eman zuten, nahiz eta garaipena lortzeko ez zen nahikoa izan. Hala ere, azkeneko partidetan erakutsitako gorakada baieztatu egin zuten, eta berriro ere Yachvili izan zen partidako protagonistetako bat, berak lortu baitzituen euskaldunen punturik gehienak. Neurketa oso ongi hasi zen lapurtarrentzat, eta lehen zatian ere nagusi izan ziren, nahiz eta bigarrenean ezin izan zieten eutsi etxekoei, eta garaipenak ihes egin zien.

Zigor-kolpe baten bidez aurreratu zen Castres, baina lapurtarrek gauzatutako entsegu batekin partidari buelta eman zioten. Atsedenera joan aurretik, frantziarrek lehen entsegua lortu zuten, ordea, eta gauzatu ere bai. Bigarren zatiko lehen minutuak ere era bertsuan joan ziren, baina apurka-apurka etxekoak agintzen hasi ziren.

Hala ere, euskaldunek lan ona egiten jarraitu zuten, eta amaieran Traillek lortutako drop bati esker defentsako puntua eskuratu ahal izan zuten. Bukaerako puntua ona izan zen, eta taldeak indarrean jarraitzen duela ere erakusteko balio izan zuen. Beheko postuetan jarraituko du, baina orain dela hilabete pare bat ematen zuen itxurarekin zerikusirik ez dauka, eta zaleen ilusioak ere erabat aldatu dira, orain etorkizun argiagoa ikusten baita Agileran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo