GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Bertso eguna Donostian

Bertsoaren jolasean domino fitxa bakoitzak du zeresana

Soka saltoan, «harri-orrian», tiragomekin, Nintendoan eta baita tranpetan ere. Bertso Egunak jolasean jarri zituen atzo Kursaalen kantatu zuten 25 bertsolariak.

p053_f01_199x92.jpg

Ane ARRUTI

«Hau da munduan gaur egingo den jaialdirik ederrena», kantatu zuen Jon Azpillagak agurrean. Bera izan zen duela 25 urte egun berean omenaldia jaso zuen bertsolaria eta berak ekin zion atzo Bertso Eguneko arratsaldeko saioari. Eta, ederrena ezin jakin, baina ederra izan zen Donostiako Kursaalen 25 bertsolarik, domino fitxa artean, jolasean jositako saioa, Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena aitzakia hartuta.

Hiru belaunaldiren erakusgarri, aurten 25 urte beteko dituen Beñat Gaztelumendik, dagoeneko bi aldiz beteta dituen Andoni Egañak eta 75 pasa berri dituen Imanol Lazkanok 50 urteko soka irudikatu zuten. «Erreleboan gertatzen baita dominoaren antzera/ pieza batek huts egiten badu guztiok erortzen gera», bota zuen añorgarrak.

Ezustea, ordea, Lazkanoren azken bertsoan etorri zen. «Herriz herriko nere jarduna aurten bukatzen dedala» iragarriz utzi zuen oholtza hunkituta.
Izan ere, momentu alaiak eta serioagoak tartekatu ziren atzokoan. Odei Barroso eta Aitor Mendiluze, esaterako, elkarri bizkar emanaz aritu ziren soka tenkatuz. «Alde batera edo bestera zergatik tira sobera/ ze zu aurrera joaten bazara ni joanen naiz atzera», esan zion Barrosok.  

Sokaren inguruan aritu zen Unai Iturriaga ere, atzean sokari gora eta behera eraginez ari zirela kantatu zituen hiru bertso eder. Bigarrenean lapurtutako haurrak ekarri zituen gogora: «Soka hori ere ez al dabil jo goia eta jo behea/ hautatzen ari balitz bezala ama edo amaordea».

Tranpa zilegi da

Jolas guztietan izaten dira tranposoak eta atzo ere izan ziren. Julio Soto eta Oihana Bartra, diskotekako bola distiratsuaren azpian gaueko tranpetan aritu ziren. «Goiko hau bezalaxe, ilargi zera zu/ itxaron, masailean ile bat daukazu», bota zion zuzeneko atakea gorritiarrak.

Tranpa saiakeran aritu ziren Aimar Karrika eta Beñat Gaztelumendi ere eskolako azken ilaran. Gazteena, bere «ia bi metrotatik», goitik behera begira: «Arbelean ere idatz daiteke zu ez zarela haziko». Txikienak, behetik erantzuna: «Oso altua zara bai baina zero bider bi zero da».

Tranparik gabe, saio osoan eroso aritu zen Amets Arzallus. Lazkanorekin tiragoma eta Nintendoaren inguruan puntuka, eta Onintza Enbeitarekin bikote bitxia osatuta: lapurtarra, gizon zuzen eta zurruna; bizkaitarra, berriz, gorabeheratsua, kaosa. Onintza gustura aritu zen Amets zirikatuz, batera eta bestera, mugimendu betean: «Urduri jartzen zara aurrean banago/ ta atzean banago askozaz gehiago». Ametsek, berriz: «Ni beti estatura zuzen dotorean/ ta zenbat tximeleta ondoko lorean/ (...)/ bera orain hor goian ta orain hor behean/ imajina zazue hau dena ohean».

Joko guztietan egoki aritzen den Egaña deseroso sentiaraztea izan zuten helburu beste zenbaitek. «Nere idolo artean betiko zaude zu/ hanka baten gainean kantatzen badezu», esan zion Aitzol Barandiaranek. Andonik, orduan, «mikrofono hankaren gainean ari naiz», erantzuna.

Sustrai Colina ere ederki aritu zen atzean zituen bertsolari fitxei puntu beltzak aurkituz. «Atakea du bere defentsa bakarra», esan zion Peñagarikanori; «Irabazten du galtzen ez dakielako», Maialen Lujanbiori. Hernaniarra, Irazu eta Barrosorekin batera, bertsolaritzaren museoa osatzen aritu zen kopletan, duela 25 urteko elkartearen lehen pankartaren babesean. Bertsolaritzaren etorkizuna beltz ikusi zuen Manex Agirre «sorgin ezkorrak» eta Barandiaranek eta Iñaki Viñasprek, berriz, mundua banatzen duten hormen gainetik abestu zuten, «fija gaitezen gaur zenbat horma ditugun alderik alde/ porlanezkoak zein burukoak guztiak hausteko daude», bota zuen arabarrak.

«Nik ere sarri sentitu izan det korronteak naramala/ domino fitxen arteko beste fitxa bat banintz bezala», kantatu zuen Sarriegik Elustondorekin batera. Bertsolaritzaren dominoak ez du, ordea, errenkadan jausteko asmorik. «Gaurko domino hauek biharko jolas izango baitira», berretsiz eman zion amaiera saioari Maddi Sarasuak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo