GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Lehiakideak kontrolpean ASP-k antidopina egingo du

Lehen aldiz antidopin kontrolak egingo dizkiete lehiakideei. Azken urteetan jazotako zenbait gertaeraren ostean dator erabakia.

p048_f01_148x136.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Goi mailako, zein mundu mailako surf txapelketa eta zirkuituak egiten hasi zirenean helburu nagusia zera zen, surfa kirol gisa aurkeztea. Egun ez dago zalantzarik, surfa kirol bat da, baina 60ko hamarkadan, lehiaketak hasi zirenean, testuingurua bestelakoa zen. Surfa, aske sentitzeko bitarteko bat zen, eta drogak ere bai; beraz, bata zein bestea leku berean aurki zitezkeen, hondartzan.

60ko hamarkadan AEBetan surfak hartu zuen kutsu hippy eta psikodelikoak eragin nabarmena izan zuen ondorengo belaunaldietan ere; eta horregatik, kirol estatusa lortzeko urratsak ematen saiatu izan diren erakunde anitzek etengabe beren lana oztopatzen zuen traba gainditu behar izan dute, drogen afera alegia.

Droga, hasieratik

Munduko txapelketak egiten hasi ziren lehen unetik oso presente izan ziren drogak lehiaketetan. Australian, 1964. urtean Manly hondartzan egin zen aurreneko Munduko Txapelketa, eta jada orduan, porroak eskuz esku zebiltzan hondartzan.

60ko hamarkadan AEBetan surf mugimendua zen gainerakoentzako eredu eta mugimendu berrien aitzindari. Vietnamgo gerraren gordina azaleratzearekin batera, indarra hartu zuten mugimendu bakezale eta aurrerakoiek. Mutur batetik bestera, batzuek balio kontserbadoreenak irizpide zituzten bitartean, beste batzuek balio horiexek ukatu eta horietatik askatzeko nahia agertzen zuten.

Testuinguru horretan, 1968an aldaketa ugari gertatu zen surf munduan. Batetik, taula motzen agerpenarekin, surf egiteko modua guztiz aldatu zen; eta bestetik, urteetan surflariak erakartzeko erabili izan zen mezu politikoki zuzena, ezarritako arauen araberako mezu sano eta elegantea, bertan behera erori zen. Ile luzeak, koilareak eta marihuana zigarretak gailendu ziren, eta surfak irudi psikodelikoa hartu zuen bere eremu anitzetan.

Horrela, 1970ean Australian jokatu zen Munduko Txapelketan ia ez zen hawaiiarrik izan, beraz, sektore garrantzitsu baten falta sumatu zen. Baina ez hori bakarrik, lehiaketen aurkako jarrera eta garaiko ikusmolde berriek ere izan zuten eragina, eta txapelketa kaotikoa izan zen.

Txapelketari hasiera emateko egiten zen irekiera desfilean surflari bakar batek desfilatu zuen AEBetako taldean. Liskar ugari izan zen txapelketak iraun zuen bi asteetan, borrokak, atxiloketak, irainak, droga ugari eta surf gutxi.

Txapelketa amaitutakoan, surflari ospetsu askok erretiratu eta lehiatzeari utzi zion. Hurrengo urteetan jokatu ziren munduko txapelketak ere antzekoak izan ziren, polemikoak eta liskar ugarikoak eta drogak lehiakideengan eragindako ondorioak ere gero eta agerikoagoak ziren.

1976an IPS (International Professional Surfers) sortu zen, Hemmings fundatzaileak zioen moduan, «surfaren irudi garbi eta sano bat» eskaintzeko helburuarekin.

Ordutik pixkanaka urrats handi eta erabakigarriak egin izan dira aipatu norabidean, baina surfak 60ko hamarkadan hartu zuen kutsua ez da inoiz guztiz desagertu, eta egun oraindik, milaka surflarirengan arrakasta handia duen mundu ikuskera bat dela esan daiteke.

Erabakiaren arrazoiak

Orain artean, dopin probak egin izan dira zenbait txapelketetan, baina aurrerantzean kontrol hori askoz ere zorrotzagoa izateko asmoa dute ASPko arduradunek.

ASP erabakia hartzera bultzatu duen arrazoietako bat zera izan da, Andy Irons lehiakide zenduaren autopsiak eman duen azken emaitza. Autopsiaren arabera munduko titulua hiru bider irabazi zuen hawaiiarra bihotzekoak jota hil zen, baina bere odol analisietan metadona, meta anfetamina (crystal meth) eta kokaina arrastoak ageri ziren.

Drogen aferak, azkenaldian izan dituen ondorio larriak erakusteko, Dave Prodan ASPko bozeramaileak beste zenbait adibide jarri zituen.

Anthony Ruffo kaliforniarra, esaterako, olatu handietan eskarmentu handiko surflaria eta profesional ohia, berriki atxilotua izan da metanfetamina saltzeagatik.

Peter Davi berriz, 2007an hil zen Kalifornian olatu erraldoiak hartzen ari zela. Olatu batean erori ostean arroketara bultzatu zuten olatuek. Gorputzean zauriak zituen, eta buruan ere bai. Bere autopsiak datu gehiago eman zituen, ordea, odolean metanfetamina kopuru handia zuen.

2005ean, Neco Padaratz lehiakide brasildarrari Hossegorreko txapelketan parte hartzea galarazi zioten, dopin probetan positibo eman ostean.

Istorio latzak

Goi mailako surflari drogazaleen zerrenda oso luzea da eta kontinente guztietan dira milaka adibide, baina drogamenpekotasunak nonbait itzal egin badu, surf komunitateren bat benetan zigortu badu, hori Hawaiikoa izan da. Irlek duten kokaleku estrategikoak irla hauetan droga asko egote ahalbideratu du, eta ondorioak latzak izan dira.

Rick Rasmussen hawaiiarra, Balin surf egin zuen lehen surflarietako bat, Harlemeko bazter batean hil zuten, heroina bila zebilela izandako tiroketa batean. Noizean behin trafikatzen zuten surflariek sare antolatuekin topo egin zuten eta gertakariak bata bestearen atzetik jazotzen ziren Hawaiin 70eko hamarkadan.

Gau batean, North Shoreko kostaldean, itzelezko makilakadak jaso zituen bertako surflari batek. Jarraian aulki bati lotu eta pistola batekin mehatxatzen zuten bitartean erasotzaile bakoitzak banan-banan bortxatu zuen bere neska laguna.

Marvin Foster. 2010eko maiatzaren 19an aurkitu zuten bere etxeko logelan hilda. Bere buruaz beste egin zuen. Urkatuta hil zen, 49 urterekin. Waimean olatua ezker alderantz hartzen lehenengoa izan zela dio Rusty Keaulana bere lagun eta surflari ezagunak. Aspalditik zeukan drogekiko menpekotasuna eta ondorioz arazo asko izan zituen, baina tarteka surf ere egiten zuen.

Hawaiiko hamar gaizkile bilatuenen artean izan zen Foster. 1993an atxilotu zuten eta 18 hilabete egin zituen kartzelan, soinean legez kanpoko armak zeramatzala atzeman baitzuten.

Hawaiiko beste adibide ezagun bat zera da, Buttons Kaluhiokalani. 70eko hamarkadako surflari famatuenetako bat izan zen. Bere irudiak film eta aldizkari erreportajeetan azaltzen ziren behin eta berriz. Azken 30 urteetan sekulako arazoak izan zituen drogekin eta kartzelan izan zen, baina egun drogak utzita hitzaldiak ematen aritzen da.

1975. eta 1976. urteetan munduko titulua irabazi zuen Jeff Hakman surflari hawaiiarra ere heroinazalea izan zen, eta bere bizipenak kontatzen dituen liburu bat ere egin zuen.

Andy Martin, surfeko kronikak idazten dituen kazetaria, honela mintzo da: «Garai batean bazen Hawaiin oso zabaldua zegoen uste bat. Jendeak zera uste zuen, marihuana errez gero birikak handitu, eta ondorioz, ur azpian denbora gehiago egoteko ahalmena izan zitekeela. Beraz, itsaski handietarako, marihuana erretzen zuten surflariek».

Andy Martinek oso ongi laburbiltzen du surfaren eta drogen arteko afera: «Surfa erakargarri bilakatzen duen osagaietako bat horixe da hain zuzen ere, kultura arruntaren aurkakoa dela, baztertua da eta nolabait, iraultzailea ere bada. Eta puntu horretan drogekin harremanetan sartzen da ezinbestean, modu erreal edo mitiko batean. Baina lehiaketak, zentzu horretan, zorroztasuna eskatzen du, eta orduan sortzen da bi munduen arteko talka.

aspaldiko kontua

1970. urtean, Australian, munduko txapelketari hasiera emateko egiten zen irekiera desfilean surflari bakar batek desfilatu zuen AEBetako taldean. Liskar ugari izan zen txapelketak iraun zuen bi asteetan, borrokak, atxiloketak, irainak, droga ugari eta surf gutxi.

andy irons

ASP erabakia hartzera bultzatu duen arrazoietako bat Andy Irons lehiakide zenduaren autopsiak eman duen azken emaitza izan da. Bihotzekoak jota hil zen, baina bere odol analisietan metadona, meta anfetamina (crystal meth) eta kokaina arrastoak ageri ziren.

Marihuana

Garai batean bazen Hawaiin uste bat oso zabalduta zegoena. Jendearen esanetan, marihuana errez gero birikak handitu, eta ondorioz, ur azpian denbora gehiago egoteko ahalmena izan zitekeela. Beraz, itsaski handietarako marihuana erretzen zuten surflariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo