Surflari ernegatua
«Queremos lo que toma Diego Armando Maradona»
Aurten lehen aldiz goi mailako surflariei antidopin kontrola egin behar dietela-eta, Wikipedian begiratu dut hitz honen esanahia, gaztelaniaz. Hauxe agertu zait: «Antidoping es un grupo de reggae mexicano, originario de Coyoacán, Ciudad de México, que nació en el verano de 1992, como una banda pionera en el movimiento de reggae mexicano junto con Splash, Rastrillos, La Comuna y Ganja». Tira, agian ez da azalpen onena, baina gutxienez ideia bat ematen digu, ezta? Reggae, Mexiko, 1992ko uda, Splash, La Comuna...
Surflariei antidopin kontrola egiteko asmoak aspaldikoak dira. 1992an, 16 urte nituela, Euskal Selekzioarekin Europako txapelketan parte hartzeko hautatuetako bat izan nintzen eta jada garai hartan, antidopin kontrola egin behar zigutela esan ziguten. Ni oraindik «garbi» nengoen, laño, aratz, kutsatu gabeko, eta beste batzuentzat plastikozko ontzietan txiza egiten aritu behar izan nuen. Drogen alde on eta txarrak berandu esperimentatzen hasi zen horietakoa nauzue, beraz.
Gai honen inguruan zerbaitek usain txarrik badu, nire ustez, ez da ezkutuko merkatu ilun horrek botatzen duen kiratsa, jendeak drogen aferan dituen kontraesanak kudeatzeko gaitasun eza baizik. Alegia, hipokrisia.
Kuadrillako bazkarietan, parrandak alde batera uzteko maitemindu eta ezkontzea erabaki zuen txikitako lagunaren emaztea, sistemara saltzeko asmorik ez ote dudan galdetzera hurbiltzen zaidanean sortzen den ohiko elkarrizketak aspertzen nau:
-Eta zuek zer moduz?
-Oso ongi, haurtxoarekin txoratzen...
-Eta aita, ongi portatzen al da?
-Bai, txintxo-txintxo dabil.
-Eta non da orain?
-Hara! Non da? Ba, ez dakit.
-Komunean...
-Zergatik begiratzen nauzu horrela?
-...
Begiak estali eta aurrean duguna ez ikusteak, ez du esan nahi hor ez dagoenik.
Ez dakit zein eragin izango duen dopin kontrola ezartzeak lehiakideengan. Txirrindulari batek gehiago irauteko drogaren bat hartzea, edo antzeko kiroletan, parrandan bezala, tranpatxoren bat egitea, uler dezaket, baina ez dut uste surf hobeto egiten lagun dezakeen drogarik dagoenik.
Ondorioetako bat zera izan daiteke, orain artean begi bistakoa izan dena, inongo konplexu eta lotsarik gabe egin den hori, aurrerantzean ezkutuan egiten hastea. Eta ondorioetako bat hori bada, hartutako erabakia okerra dela uste dut, modu horretan gezurra nagusitzen baita eta errealitate faltsuak autentikoari ere sinesgarritasuna galarazten baitio.
Beste norbaitek egin dezake txiza ontzitxoan, eta nire lagunen emazteek ikusten ez duten horretan sinetsiko dute, baina, «diskrezino bako» begiradetatik at, lema ezaguna da: «Queremos lo que toma Diego Armando Maradona».