GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

pirinioak Gavarnie

«Los Gallina», hirugarren murruko bide berri gogor zein estetikoa

Albert Salvado, Kepa Escribano eta Unai Mendia izan dira Gavarnieko zirkuan sormen-lan berria egin dutenak. Guztira, 200 metroko marra berria sinatu dute, eta azken luzeak, bidearen giltza denak, 6+ zailtasuna du izotzean, eta 6b arrokan.

p044_f01_148x112.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Denboraldi guztietan gertatu ohi den legez, pirineista zailduenak Gavarnieko zirkuan dauden baldintzei (batez ere hirugarren murrukoak) begira izaten dira uneoro. Jasotzen dituzten irudiak aztertzen eta aztertzen egoten dira. Eta behaketa lan horiek (betiere pazientzia handia eskatzen dutenak) askotan oso emaitza erakargarriak ematen dituzte. Hori gertatu zaie Albert Salvado katalanari, Kepa Escribano bizkaitarrari eta Unai Mendia nafarrari.

Beste urte batzuetan ez bezala, «Divo listo» eta «Alois» bideen ingurumarian izotzak aukera ederra eman die hirukote horri bide berri bat zabaltzeko. Altxor ederra jasotzen zuen bere baitan ikuskatutako irudiak. Bidearen amaiera, azken luzean zutabe fin bat, jarraikortasunik ez zuena, begiztatu zuten. 45 metroko luzea, jardueraren giltza izan dena, eta bi metroko eroria zuena. Emaitza: «Los Gallina» izan da: 200 metro, 6+ izotzean eta 6b arrokan.

Aipatutako irudiaren gaineko hausnarketa egin eta gero, lerrootako protagonistak pasa den 14n Gavarnien ziren. Hirugarren murrura iristeko «Freezante» eta «Mitologicos» bideak aukeratu zituzten. Vivaca egin ondoren, biharamunean prest ziren jarduera berriari ekiteko.

«Alois» bidea aukera zuten goialdean ukitu gabe zegoen izotza harrapatzeko. Marra horren lehen luzean soka finko bat zegoen. Hura erabili zuten tarte hori igotzeko, eta ondoren kendu egin zuten. Escribano buru zela, bidearen bigarren luzean, «Alois» utzi eta ezkerrera zeharkaldia egin zuen. Protagonistek dioten bezala, hortik aurrera ukitu gabeko izotza eta elur ederra «dastatzeko» aukera izan zuten: «Leku horretan inoiz ez dugu hainbeste izotzik ikusi». Ondoren, goulotte bat eskalatu zuten, eta azken luzera iritsi ziren; hots, bidearen giltzara.

Oso zutabe gogorra

Helburua aurrean zuten; amestutako zutabe gogor zein estetikoa. Azken luze horren itxura ikusita, hirukoteak argi asko zeukan Mendia izango zela azken «bultzadaren» burua.

Nafarra indartsu baino indartsuago dago, eta horren guztiaren isla dugu luze horretan egindako erakustaldia. Denbora hartu zuen korapilo hori askatu ahal izateko, eta azkenean xede hori liberatzea erdietsi zuen.

45 metroko luze horretan Mendiak ez zuen une lasai bat bera ere eduki; dena eman behar izan zuen. Nafarrak adierazi digunez, lehen metroak oso teknikoak eta arriskutsuak ziren; izan ere, izotz-torlojuak ez ziren oso ondo sartzen. Horretaz gain, eroria zuten tarteak gainditu behar izan zituen; oso eskalada atletikoa bihurtuz.

Bidearen erdialdean, berriz, izotza nahiko fina zen, eta Mendia eskuinera arrokan zegoen artesi perfektu bat ikusi eta hara abiatu zen. Artesia eskalatu zuen (6b) soilik friendak erabiliz. Eta berriro zutabera itzuli zen; hura hartzeko bi mugimendu aleatorio egin behar izan zituen. Aukera zuen torlojuren bat jartzeko, baina, zutabea ez puskatzeko, ezer jarri gabe aurrera egin zuen. Bilera atondu ondoren, lasaitasuna iritsi zen. Giltza hori izotzean 6+ izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo