GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Alfonbrapekoa

Munduan zehar berrogei urtez baino gehiagoz ibilitako kazetari bati irakurri nion, Hirugarren Munduari eta bertako herrialdeetan gertaturiko mentalitate bilakaerari buruzko testu batean, munduak azken hogei urte inguruan aldaketa izugarria jasan duela, itzulezina, kultura, arraza eta nortasun aniztasunari dagokionez, eta Mendebaldeko gobernuek ulertu egin beharko luketela behingoz, mugak ixteko eta aberastasuna blindatzeko politikak egin beharrean. Kalte baino ez dutelako egiten, kalte besteei eta kalte norberari, arazoak alfonbrapean sartzen diren bakoitzean bezala.

Berdintasunaren bidean, gauza bera gertatzen dela irizten diot. Mentalitatea, oro har, asko aldatu da azken hamarkadotan, eta egun babesgarritzat jotzen dira duela ez hainbeste ezohikoak zirenak: lan eskubideak, sexuagatiko bazterkeria eza, burujabetza ekonomikoa, norberaren gorputzaren gaineko erabakia, subjektu aktibo eta parte hartzaile izateko eskubidea...

Horiek guztiak, eta gehiago, erdiesteko eta finkatzeko ahalegina, lana eta irmotasuna handia izan da, handia da -oraindik burutu gabeko helburua delako, iraganaren arrastoak egon badaudelako-, baina badirudi, abesti zaharra bailitzan «krisiaren eraginez» gainera datorkiguna ikusita, are handiagoa izan beharko dela, kazetariak uste ez bezala, berdintasunaren sendotasunak izango baitu atzera bueltarik.

Izan ere, Espainiako Gobernuak herrialdea salbatzeko iragarritako murrizketak, premia handiagoa duten herritarrak areago hondoratzeaz gain, aurreko mentalitate zaharkitua berreskuratzeko saiakera ere badira. Alegia, ahalmen ekonomikoa murriztuz, eskubideak mugatuz, eguneroko gauza praktikoetan -janaria, berogailua, arropa...- baino ez pentsatzeko egoerara bultzatuz, lausoago geratzen baitira bestelako kontu batzuk, lehentasunik ez balute bezala, krisi garaian luxua balira bezala, besteak beste, berdintasuna eta hori benetakoa izan dadin egin beharreko guztia.

Gutxieneko soldata izoztea, PFEZaren erreforma, alarguntasun pentsioaren hobekuntza berandutzea, Mendekotasun Legea abiarazteko luzamendua, sektore publikoko langile-kopurua gelditzea, lanaldi partziala sustatzea, gizarte-gastuaren murrizketa... nortzuk jasango dute, finean, horrek guztiak dakarren ahalmen galera, nortzuek, kaltetuen artean kaltetuenek, baldintza txarretan txarrenak dituztenek baino?

Mentalitatea, oro har, aldatu da. Baina aldaketa horri gauzatzeko arnasa eta espazioa kenduz gero, jendarte mailan lortutako aurrerapausoak etengabe kolokan jarriz gero, eta, batik bat, emakumeok subjektu aktibo eta parte hartzaile izan gaitezen sustapena eta babesa edozein unetan dela ukiezina ukatuz gero, itzulezina dirudiena baliteke itzultzea, baliteke paperean baino ez ikustea.

Zapatu honetan aukera daukagu, herritar guztiok, kaleetan adierazteko inposatu nahi diguten ereduak talka egiten duela gure mentalitatearekin, gure printzipio eta eskubideekin, eta ez garela besoak gurutzaturik geldituko nola eramaten gaituzten atzera ikusiz. Emakumeok, bereziki, alfonbrapean ezkutatu nahi duten berdintasunarekiko kolpea azaleratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo