GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Herrira, presoen aldeko herri lanabes berria

Euskal Herrian zabaldu den aro berrian euskal gizarteak, indar politiko gehienek eta nazioarteko hainbat ahots itzal handikok gatazkaren ondorioei heltzeko beharra nabarmendu dutenean, Egin Dezagun Bidea ekimenak euskal presoak etxeratzearen aldeko mugimendu berri baten aurkezpena iragarri berri du. Herrira du izena «betebehar historikoa» izango duen mugimendu berriak. Duela urtebete pasatxo, Egin Dezagun Urratsa ekimenak, jaso zuen herri sostengu handia ikusita, bidea egiteko konpromisoa hartu, eta Egin Dezagun Bidea bilakatu zen. Urtean zehar, eta bereziki joan den urtarrilaren 7an, konpromiso hori euskal gizartearen gehiengoak bere egin duela egiaztatuta, indar hori guztia helburu argi batzuen mesedetan jartzeko beharra sumatu eta hainbat herri bilgunetan izandako eztabaidak mugimendu horren helburuak, osaera eta jarduteko modua zehaztu ditu.

Herrira ez da orain artean euskal preso eta iheslari politikoen alde lan egin duten erakundeen ordezkoa, baizik eta herri ekimen batetik sortutakoa eta inongo alderdi edo mugimendu politikoren menpe ez dagoena, haren zeregina ez baita politikoa. Hala ere, denei irekia da, herritar eta eragile guztientzako lanabesa. Lehen helburua du presoei ezarritako salbuespenezko egoerak bukatzea. Gogorarazi beharra dago horixe dela, Aieteko bide orriaren arabera, ETA erakundeak bere jardun armatua uztearen ondorengo pausoa. Hala ere, Herrira ez da lehen helburu hori lortzeko soilik sortu; haren horizontea amnistia izanda, euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko betebeharra ezarri dio bere buruari.

Mugimendu berriaren azken helburu horrek, bistan da, gatazkaren konponketaren aldeko eragina ere izango du. Izan ere, preso eta iheslari gehiagorik izan ez dadin, gatazkaren kausei heldu behar zaiela ondorioztatu du Herrirak, horrela ulertu eta planteatzen baitu amnistia. Areago, Gernikako Akordioaren bide orriarekiko konpromisoa agertzen du. Herrira, beraz, garai berriari egokitutako mugimendua da, eta bere bidean aurrera egiteak normalizazio eta bake prozesua sendotzea ere ekarriko du, zalantzarik gabe, euskal herritar gehienen borondatearen norabidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo