GARA > Idatzia > Mundua

Khaled Meshaal orain hamabi urte kanporatu zuen Jordaniara itzuli da

Hamas Palestinako erresistentzia islamikoaren mugimenduko burua, Khaled Meshaal, atzo iritsi zen Amman Jordaniako hiriburura, herrialde horren eta palestinar mugimenduaren arteko harremanek hobera egin dutela baieztatuz. Edonola ere, berak Sirian jarraituko du.

p017_f01_199x116.jpg

GARA | AMMAN

Jordaniaren eta Hamasen arteko harremanak konponbidean daude atzoko bisitak agerian utzi duenez. Orain bi hilabete izan zen hobekuntza horren hasiera, harremanen inflexio puntua, Aun Jasauneh Jordaniako lehen ministro berriak bere garaian Meshaal kanporatu izana «akats bat» izan zela adierazi zuenean: akatsa «legearen ikuspuntutik» eta akatsa «Konstituzioari dagokionez».

Meshaal Damasko Siriako hiriburuan bizi da gaur egun. Ammanera iritsi bezain laster, Abdala II.a erregearekin elkartu zen, iturri ofizialek jakitera eman zutenez. Tamim Bin Hamad al Zani Qatarreko printzearekin joan da Hamasekoa Jordaniara, Golkoko herrialde hori ari baita bi aldeen arteko bitartekaritza lana egiten.

Meshaal eta Hamaseko beste hiru kide 1999an kanporatu zituzten Jordaniako agintariek, mugimenduak hiriburuan zuen bulegoa itxi ondoren.

Jordaniako Gobernuak orain esaten du bi aldeen arteko harremanetan «kapitulu berri bat zabaltzeko aukera» dela palestinarraren bisita.

Siriako egoera politikoaren eraginez, begirale batzuek esan dute Hamaseko buruak Damasko utzi eta Ammanera bizitzera joan nahi duela, baina Rakan Mayali Jordaniako Informazio ministroak erabat baztertu zuen aukera hori. «Aukera hori ez da agertu ere egiten gure agendan eta Hamasek ez du aipatu aurretik izan ditugun bileretan», adierazi zien kazetariei. Hori bai, ministroak garbi utzi nahi izan zuen Hamasekin dituzten harremanak hobetzeak ez duela eragingo Mahmud Abbas presidentearen Aginte Palestinarrarekin dituztenak kaltetzea.

Azken urteotan bi aldiz onartu dio Jordaniak Khaled Meshaali herrialdea bisitatzea. Lehenengoa 2009an izan zen, Hamasekoaren aita hil zenean. Bestea, iaz, Meshaalen ama gaixo zegoela-eta bisita egitea baimendu zutenean.

Jordaniaren eta Hamasen arteko harreman ofizialak 1997an eten ziren, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek Meshaal erailtzeko antolatu zuten erasoak porrot egin eta gero. Tel Avivek Yasin xekea askatu behar izan zuen.

negoziazioa

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez dauka bakea lortzeko urratsak egiteko asmorik, Khaled Meshaalek atzo Ammanen adierazi zuenez. Zisjordaniako eta Jerusalemeko koloniak salatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo