Kronika | Txillardegiri egindako omenaldia
Abertzaleak batuta, gizon poliedrikoaren betaurrekoetatik so
Zaila da, ia ezinezkoa, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»ren 82 urteak bat-batean laburbiltzea. Atzo lortu zuen, ordea, Donostiako Victoria Eugenian ezker abertzaleak antolatutako omenaldiak, haren ekarpen profesionalak eta pertsonalak hari hunkigarriaz ehunduz. Berarentzat hil ala bizikoa zen indar abertzaleen metaketak ez zuen hutsik egin.
Oihane LARRETXEA
Hiru hitz hautatu zituen ezker abertzaleko Pernando Barrenak Txillardegik nekaezin jorratu zuen ibilbidea deskribatzeko. «Euskal Herria helburu». Xede horrek irudikatu zituen Jose Luis Alvarez Enparantzak (1929-2012, Donostia) egin zituen ekarpen guztiak; keinu txikienetik, lan handieneraino. Atzo, zendu zenetik justu bi aste igaro zirenean, ezker abertzaleak omenaldia egin zion hiri kutuna zueneko Victoria Eugenia antzokian. Era batera edo bestera, arrazoi honengatik edo harengatik maite zutenek berehala bete zituzten 900 eserlekuak. Gustatzen zitzaion bezala, denak abertzaleak, euskaltzaleak, denak bat eginda azken agurra ematera. «Abertzaleak nor bere aldetik joanda gureak egin du», zioen maiz Txillardegik berak.
Eserlekuetan egon ziren, halaber, Abertzaleen Batasuna, EA, Alternatiba, Aralar, Egin Dezagun Bidea, Gazte Independentistak edota LAB sindikatuko ordezkariak. Euskal Herrian Euskaraz elkarteak ere ez zuen hutsik egin. «Hainbeste zor baitiogu...», adierazi zuten.
Benetako konpromisoa, gutxi ikusten den horietakoa zuen, edo burugogortasuna agian, euskaldunoi hainbestetan egotzia... erakutsi zituzten aurreneko pasadizoak bere bizitza pertsonalaz mintzatu ziren. Horiek agerian utzi zuten amore ematen ez zuen horietako zela. Gurasoek euskaraz jakin bazekiten, baina Jose Luis semeari ez zioten irakatsi. Egoera hura oroitzean, «hau ez da posible!», oihukatu zuen, bizitzan zehar eskaini zituen elkarrizketetako batean.
Pianoarekin antzeko zerbait gertatu zitzaion. Ama piano irakaslea izanik, instrumentu hura jotzen ikasi behar zuela ulertu zuen. «Hemen karrera praktikoak egin behar dira», erantzun omen zion aitak. 17 urterekin politikaren gainean lehen kezkak agertu zituen, eta urtebetera bileretan parte hartzen hasi zen... baina ordurako pianoa jotzen ikasi zuen. Horregatik, atzo pianoa igo zuten agertokira, eta handik atera zen melodia goxoak jantzi zituen hitzaldi guztiak.
Kontu pertsonaletan gehiago sakondu zuen Ned Thomas kazetari galestarrak. «Uste dut zamaren, errepresioaren azpian gaudenean errazago identifikatzen dugula zer den gorroto duguna, baina berak, maite zuena erakusten zuen -adierazi zuen-. Bere eskutik egin nuen txotx eta berekin igo nintzen Igeldoko montaña rusara! Une hartan ume bilakatu ginen berriro», esan zuen malenkoniaz.
Euskara eta aberria
Motel baina tente igo zen oholtzara Piarres Xarriton euskaltzain eta Txillardegiren lagun mina. Bastoiak agerian utzi zion adina eta aldi berean bizitza luzearen ondorioz bereganatutako eskarmentua. Txillardegiri «anaia» deitu zion, eta begirada jakintsua 60ko hamarkadara zuzendu zuen. Historiaz betetako kontakizuna bere lagun zenaren esaldi batekin amaitu zuen, bere ustez, honek definitzen baitzuen hobekien buruan zuena: «Ama Euskal Herria bada, euskaldunak, mendien bi aldeetakoak, anai-arrebak gara».
Euskal Herriaren eta euskararen inguruan mintzatu zen baita ere Barrena, eta gogorarazi zuen Txillardegik orain guztiz arruntzat jotzen ditugun gauzak deskubritu zituela. «Berari esker jakin izan dugu gure barne muinean txertatuta daramagun euskararekiko atxikimenduak proiekzio zientifikoa ere baduela; eta baita kezka, konpromisoa eta ekinbidea bereizi ezinezko kontzeptuak direla ere gure garaiko euskaldunontzat. Zertarako aberri librea atzerriko hizkuntzaz arituko bada?».
Une hunkigarrienetako bat EHEko kideak oholtzara igo zirenekoa izan zen, txalo zaparrada artean. Euskararen etorkizuna «lege eta prestigioaren bidez» bermatu beharra dagoela esan zuen Igone Lamarain kideak. «Euskarak euskaldun egiten gaitu, besteengandik ezberdintzen gaitu eta aldi berean munduko egiten gaitu. Gure omenaldia bere bideari jarraitzea da, euskaldun eta harro», amaitu zuen.
Sakonki maitatua eta miretsia, batzuek ezin izan zuten omenaldira hurbildu, baina letra bidez lortu zuten azken agurra ematea. Bi eskutitz irakurri zituzten atzo, bata Gerry Adams Sinn Feineko presidentearena, eta bestea, Arnaldo Otegirena. Lehenak «lider ameslaria» deitu zion, eta «Irlandak sentitzen duen samina» helarazi zuen.
Laura Mintegi idazleak irakurri zituen bigarrenaren hitzak. Otegik «triste» zegoela onartu zuen. «Halako kolpeak intentsitate bereziarekin bizi dira `etxe' hauetan. Agian joaten den bakoitzarekin konturatzen garelako, besteak beste, gure kartzelaldiarekin ere zenbait eta zenba- tekin lapurtzen dizkigutela azken solasak, harremanak, begiradak eta besarkadak».
Hala ere, erantsi zuen ez zuela «tristuraren apologia» egin nahi eta maisuarengandik ikasitakoa goraipatu zuen. «Izugarrizko irakaspena izan da Euskal Herriarekiko erakutsitako zintzotasuna eta leialtasuna. Bai, leialtasuna, finean herriari zor diogu- lako, eta ez beste inori -irakurri zuen-. Zentzu honetan esan dezakegu sigla guztien gainetik herri honek dituen helburu estrategikoenganako behar dela leialtasuna».
Azken txalo zaparrada Jone Forcada alargunarentzat eta haien seme-alabentzat izan zen. Malkoei eustea lortu zuten, ez ordea nahi adina eskertzeko hitzak. Senarra ekitaldien zalea ez zela oroitu zuen Forcadak eta hura ikustean, hainbeste laudoriorekin, «lotsa» sentituko zuela iritzi zuen. «Baina aldi berean, lotsaren gainetik, euskaltzale piloa ikustean, poza sentituko zuela ziur nago».
Eusko Gudariak abestuz amaitu zen ekitaldia. Helburua, Barrenaren hitzetan, bide berberari jarraitzeko konpromisoa sentitzea zen. Begiak itxi zaizkio Txillardegiri baina bere betaurrekoek bertan diraute. Abertzale eta euskaltzaleei heldu zaie horiek janzteko ordua, etorkizuna hainbeste ikusi duten kristal horietatik ikusteko eta ikasteko.
Agertokian baita ere, pianoaren kontrako aldetik Ramon Agirre aktoreak egin zuen aurkezlearen lana. Mahaitxo baten aurrean zegoen, aulkian eserita, argi ahul batez lagunduta liburu eta paper artean, Txillardegi lanean aritzen zen bezala.
Amarengandik ikasi eta jaso zuen pianoarenganako maitasun eta zaletasuna. Txillardegi ondo ezagutzen zutenek diote egunero jotzen zuela. Horregatik, hala ez zen egunean, zerbait gertatzen zitzaion seinale zela azaldu zuten.
Azken agurra ematera antzokira bertaratu zirenen artean Txillardegiren belaunaldi bereko lagun asko zegoen arren, jende gazte ugari ere bildu zen bertara, haren ekarpenak belaunaldiz belaunaldi igaro diren berme gisa.
«Gaztelania eta frantsesa nahasten genituen gure eskutitzetan, komunikatzeko erabiltzen genituen eskutitzetan, baina frantses asko erabiltzen zuenean, banekien Euskal Herrian gauzak ez zeudela ondo», kontatu zuen Ned Thomasek.