Aizkora Urrezko lehiaketa
Erasun eta Lopez ere finalerdietan sartu dira
Nafarrek minutu erdiko abantaila kendu zieten amaieran Luix Txapartegiri eta Joxemari Olasagastiri.
Jon LEUNDA
Juanjo Lopezek eta Ander Erasunek lortu zuten atzo, Arbizun, Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela, Joxemari Olasagasti eta Luix Txapartegi mendean hartu ostean.
Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Biko nafarrak, Lopezek eta Erasunek, alegia, 33rekin bota zuten enborra eta hiru gehiago behar izan zituzten gipuzkoarrek. Bigarrengoan, berriz, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta amaieran garaipena lortu zuten aizkolariek tartea zabaltzen jarraitu zuten. Minutu bat eta 52 segundo behar izan zituzten lana amaitzeko, eta hamaika segundoko aldea lortu zuten.
Hirugarren saioan, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten erlojuz kontra, eta nafarrek beste bi segundoko tartea lortu zuten. Beren lanak minutu eta erdian bukatu zituzten Juanjo Lopezek eta Ander Erasunek.
Laugarren ekinaldian ere bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, baina oraingoan bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarrita, eta nafarrek auzia proba honetan erabakita utzi zutela esan daiteke. Lanak 2 minutu eta 24 segundotan amaitu zituzten, eta gipuzkoarrek, berriz, 2 minutu eta 51 segundotan.
Azken-aurreko lanean. Olasagasti eta Txapartegi bikain aritu ziren, eta galdua zuten denbora asko murriztu ahal izan zuten, baina ez zen nahikoa izan. Gipuzkoarrek bi 60 ontzako botatzeko 4 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten, eta 4.39 berriz, Lopezek eta Erasunek.
Azkeneko proban, sei kana-erdiko moztu behar zituzten txanda librean, eta nafarrak 18 segundoko abantailarekin hasi ziren lanean. Tarte hori nahikoa izan zen amaieran garaipena eskuratzeko, ekinaldi honetan ere garaile atera baitziren. 9 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko, eta 9 minutu eta 20 segundo Txapartegik eta Olasagastik. Egin beharreko lan guztiak amaitzeko, berriz, 20 minutu eta 3 segundo behar izan zituzten Erasunek eta Lopezek, eta 33 segundo gehiago, berriz, gipuzkoarrek. Atzoko irabazleekin batera, Otaño eta Otaegi ere finalerdietan daude, Arrospide eta Mugertza II.a bezalaxe.
Gazteen mailako ligaxkako bigarren jardunaldia ere jokatu zen atzo Arbizun, eta Eneko Otañok eta Joxean Etxeberriak oso erraz lortu zuten garaipena. Hiru lan ezberdin egin behar izan zituzten eta denak amaitzen 11 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten. Kortxerok eta Floresek, berriz, 15 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten.