GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

NATIONAL

Mailari eusteko itxaropena ez galtzeko balio du larunbateko berdinketak

COLMAR 1

AVIRON 1

Jon LEUNDA

Beheko postuetatik ihes egiteko balioko ez badu ere, Avironek garrantzi handiko berdinketa eskuratu ahal izan zuen Colmarren zelaian, eta mailari eusteko itxaropena izaten jarraitzen dute Alain Pochatek zuzentzen dituen mutilek.

Partida orekatua izan zen herenegun iluntzean jokatu zena. Talde bakoitzak zati bakoitzean agindu zuen, eta horretaz baliatu ziren golak egiteko.

Lehenengoan etxekoak izan ziren nagusi, eta aukerak ere sortu zituzten, baina Ximun Duhour ongi aritu zen. Hala ere, Kanboko atezainak ezin izan zuen ezer egin etxekoen golean, eta 1-0 atzetik zirela joan ziren lapurtarrak atseden hartzera.

Bigarren zatian aurrera bidali zituen bere jokalariak Alain Pochatek. Hemendik aurrera arriskuak hartu beharra daukate zuri-urdinek, bai behintzat mailari eutsi nahi baldin badiote, eta horretara joan ziren bigarren zatiko lehen minututik, eta amaieran saria jaso ahal izan zuten.

Euskaldunak gol aukerak sortzen hasi ziren, eta bigarren zatiaren erdialdean lortu zuen Diafutuak berdinketa. Horren ostean, denbora asko geratzen zen partida amaitzeko, eta euskaldunak saiatu ziren bigarrena egiten, baina ez zuten asmatu. Etxekoak ere ahalegindu ziren berdinketa apurtzen, baina haiek ere ez zuten lortu, eta amaieran talde bakoitzak puntu banarekin konformatu behar izan zuen. Hemendik aurrera Avironek garaipenak behar ditu, beheko postuetatik ihes egin, eta mailari eusteko aukera izateko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo