GARA > Idatzia > Kultura

«Musikaren esparruan mugitzen eta bizirik mantentzen saiatzen naiz»

p050_f01_2.jpg

Mikel Erentxun

Musikaria

Duncan Dhu pop talde bikaina historiaurrea du jada Mikel Erentxunek. Jakina da donostiarra bide luzeko korrikalaria dela, eta musika munduan 27 urte bete dituen honetan bakarkako lan berri bat argitaratzear da, bihar salgai jarriko den «24 golpes». New York hirian modu analogikoan grabatua, lanak rock kutsuko hamar kantu gordin gordetzen ditu.

A. BILBAO | DONOSTIA

Oholtza gainera aurrenekoz igo zenetik hiru hamarkada luze betetzear den Mikel Erentxunek lan berri bat du aurkezteko... «inoiz heldu ez naizen tokietara eraman nauena».

Lanaren izena «24 golpes» da, egunak dituen orduetan arreta jarrita. «Ordularia daramagu guztiok aldean, eta zenbat eta nagusiagoak izan orduan eta pisutsuagoa dugu, gero eta gehiago. Eta diskoaren hitz guztien ardatza denboraren igarotzean dago. Gainera izenburu bortitza da... eta ondo doakio duen soinuari».

Diskoa hamar kantuz osatuta dago, eta hitzei dagokienez, erdiak berak idatzi baditu ere -musika guztia donostiarrarena da-, hurbileko dituen «idazle handien» laguntza jaso du Erentxunek: Diego Vasallo (Duncan Dhu taldean kide zuena), Rafael Berrio (eskarmentu handiko musikaria), Jesus Maria Corman (aspaldiko kolaboratzaile duena) eta Juan Ignacio Lapido (Granadako 091 taldeko kide izandakoa) kantu banaren hitzez arduratu dira. «Ez nuke esango giro baikorra duenik lanak, orokorrean gris samarra baita. Hitz egokiena malenkonia da», esanez definitu du Erentxunek.

«Musikalki rock soinua du diskoak; 60-70 hamarkada arteko sonoritatea [Bowie eta The Beatles aipatzen dira sarri], oso esanguratsua». «24 golpes» hamar bat egunetan grabatu zuten New York hirian eta analogikoan, sona handiko Henry Hirsch arduradun zuela -besteak beste Lenny Kravitzen ohiko ekoizlea dugu-. Izan ere, Erentxunen esanetan, «diskoaren dohain nagusia lortu duen soinua da, vintage edo zahar kutsukoa, orain arte inoiz lortu gabea nuena». Soinuaz mintzo da musikaria, diskoaren emaitzarekin pozik. «Apropos jo genuen New Yorkera; Hirschekin aritzea egunero master class bat jasotzea izan da... eta soinu lakarra lortu dugu, gordina... rock soinua».

Konponketetan minimalista dela ere esan daiteke lan berriari buruz. «Bai, rockean klasiko diren musika tresnak erabili ditugu, bi gitarra, baxua, teklatu eta bateria; ez da hemen, aurreko lanean bezala, harizko konponketarik». Kontuan hartu hamar kantu eta 37 minutuko iraupena duela lanak; eta dentsoagoa zen aurreko «Detalle del miedo» diskoak, aldiz, 57 minutu zituen. «Oinarrietara jo dugu, eta hiru minutuko kantuak egin, zuzenagoak, lehen egiten ziren bezala».

Bizitza musikari emana

Donostiarra konturatu da jada 27 urte bete dituela musikari, «ez da marka makala!»; eta oholtza gainean zein lanak grabatzerakoan, «asko ikasi dut», onartu digu. Aurreko «Detalle del miedo» diskoan, esaterako, estudiora kantuak zehatz-mehatz itxiak eraman omen zituzten; eta honakoan, berriz, «irekiagoa izan da. Soinua ekoizlearen esku utzi dugu, eta berebiziko garrantzia hartu du, funtsezkoa izan da. Lau musikariak grabatzen ari ginela gorpuztu ziren kantuak, eta emaitzak ez du zerikusirik nik etxean maketatu nuenarekin. Pozten nau horrenbeste urteren ondoren oraindik norberaren burua harritzeko gai izateak».

Eskarmentu handia duen arren, «ez dut liturgia edo mania berezirik -dio Erentxunek-. Baina argi dago lan berri bakoitzeko motibatu beharra duzula, eta horregatik, beti saiatu izan naiz lan ezberdinak egiten, gauza berriak probatu eta arriskuak hartzen.... suak pizturik iraun dezan. Mugitu eta bizirik mantentzen saiatzen naiz, musikari dagokionez».

Lan berriaren erosleek «Electrica» oparitan jasoko dute, % 100ean Erentxunek atondua

«24 golpes» bihartik aurrera izango da salgai dendetan (digitalean salgai dira jada lehen singleak). Lana hiru formatutan argitaratuko du Warner diskoetxetzarrak: konpaktuan, biniloan eta digitalean. CD bertsioak hamar kantu ditu, baita biniloak ere -azken honek CDa ere badarama barruan-. Formatu digitalak, bere aldetik, aukera gehiago eskaintzen ditu. Batetik, diskoa bere horretan, hamar kantukoa, eta bestetik luxuzko edizioa, «24 gopes» ez ezik, «Electrica PKWY» lana ere jasotzen duena.

«`Electrica' deitzen bada ere, disko akustikoa da», argitu du Erentxunek, «24 golpes» erosita oparitzen den lanari buruz. «Etxean bertan grabatu nuen eta ni neu arduratu nintzen musika tresna guztiak (baxua, gitarra, bateria...) jotzeaz. Oso low-fi da lana, eta oso-oso iluna. Beraz, ehuneko ehunean neurea da, jotzearen, grabatzearen zein ekoiztearen ardura hartu dudalako». Lana iragan urtean zehar grabatu zuen donostiarrak, batere presarik gabe; «24 golpes» diskoarekin paraleloan. «Eta kosturik gabekoa denez, konpainiak argitaratu egin dit», dendetan disko berria erosten dutenei oparitzeko. «Zaleak harrituko dira, ez baitauka inoiz egin dudan ezerekin batere zerikusirik».

Zuzenekoei dagokienez, Erentxunek aurki joko du «24 golpes» zuzenean, Fnac saltokitzarretan zehar egingo dituen aurkezpenetan. Donostian, otsailaren 7rako egina du hitzordua, eta ondoren, apirilaren 29an, hiriko Antzoki Zaharrean joko du fundamentuzko kontzertua. Electrica 2012 bira hasi aurretik baina, herenegun zuzeneko bat eskaini zuen Murtzian hirukotean, eta bertan eman zituen aurrenekoz «24 golpes» laneko kantu batzuk. Jo eta gero, «gordina, elektrikoa, dinamikoa, trinkoa... niretzat, kontzertutzarra», idatzi zuen Erentxunek bere blog-ean. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo