GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Praileaitzen geroa, utzikeria politikoaren mende

Triste egongo da Praileaitzeko xamana argitaratu diren berriekin. Izan ere, Praileaitz kokatua dagoen Sasiola harrobia kudeatzen duen Zeleta enpresak jarritako helegitearen alde egin du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta hala, arrisku bizian uzten du Praileaitz, leherketaz beteriko gune batean, 50 metro eskaseko babes eremuan isolatuta. Errazena enpresa erruduntzat hartzea litzateke. Baina, bere interes partikularren defentsan aritu da, ez besterik. Aitzitik, Praileaitzeko aztarnategiaren babesa bermatzearen erantzukizun zuzena Jaurlaritzarena da. Kultura Sailari dagokio guztiona den ondarearen zaintza, gizarte osoarentzat onuragarria den kultura material eta ez-material baten zabalkundearen ardura. Eta amorragarria da babes-dekretu baten aldaketa xume bat -Praileaitzeko babes-eremua handiagotu eta bere hegia salbatuko zuena- egiteko gai izan ez dela ikustea. Are, metroak gora metroak behera, dekretuz dekretu jauzika ibili beharrean, ondarea jaso, zaindu eta zabaltzeko ikusmolde orokor eta lege zehatz baten falta hain nabarmen direla ikustea.

Atzo zen kobazuloaren eremua arautuko zuen dekretu berria onartzeko azken eguna. Jaurlaritzak, ohi legez, erabakia atzeratu du. Zeleta enpresaren kalteak ordaintzeko edo horiek negoziatzeko bitarteko asko ditu. Gobernu ariketa normala da hori. Atzera bueltarik ez duena, ordea, milaka urteko gure ondarea harrobi baten agregakin eta harri koskorretan xehatzea da. Arrisku hori ontzat ematea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo