Lodosan, UPN haserre; Zizurren, auzolana
UPN biziki haserre azaldu zen atzo, Gipuzkoako Aldundiak Lodosako Ibaialde ikastola diruz laguntzea erabaki duelako. Egun berean, Zizur Nagusiko Erreniega ikastetxeak megafonia sistema izateko auzolanera joko duela iragarri zuen, Nafarroako Gobernuak ordaintzen ez duela-eta.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Lodosako Ibaialde ikastolari diru laguntza emango diotela-eta Gipuzkoako Aldundiaren eta Bilduren kontrako hitzak jaurti zituzten atzo UPNko agintariek. Bestalde, Zizur Nagusiko Erreniega ikastetxe publikoko arduradunek, Nafarroako Gobernuak dirurik ematen ez dienez, behar bezalako megafonia sistema izateko auzolanera jo behar izango dutela iragarri zuten atzo.
Nafarroako Gobernuko lehendakari Yolanda Barcinak eta Hezkuntza sailburu Jose Iribasek «Nafarroako kontuetan eskua sartzea» egotzi zioten Martin Garitano buru duen erakundeari. Lodosako ikastola egoera larrian dago eta bizirik irauteko laguntza eskatu du. Iganderako jaia antolatu dute Sartagudan helburu horrekin.
«Ezin dut sinistu Gipuzkoan beste beharrik ez izatea diru hori gastatzeko», esan zuen Barcinak. «Ez dugu Euskal Herriko hiritarrak izan nahi eta ez dugu behar inor guregana zer egin behar dugun esatera etortzea», gaineratu zuen Iribasek.
Gipuzkoako Aldundiko eledun Larraitz Ugartek honakoa erantzun zuen: «Batzuk mintzen dituena euskarari laguntzea da, hori da oinarrizko eztabaida».
Nafarroako Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezen esanetan, Barcinari arrangura sortzen diona «erakunde eta herritarren laguntzari esker Ibaialde ikastolak aurrera egitea da».
Auzolana Zizur Nagusian
Lodosako ikastolakoa ez da diru laguntzekin lotutako auzi bakarra; izan ere, Zizur Nagusiko Erreniega ikastetxe publikoan beharrezko megafonia sistema eskuratze aldera, auzolanera jo beharko dutela iragarri zuten.
Sute-simulazioa egin eta sistema probatu zutenean, ikasle ugarik sirenak ez zituztela entzun eta geletatik ez zirela irten ikusi zuten. Egoera hori konpontzeko eta ikastetxeari oinarrizko segurtasuna eskaini ahal izateko obrek 40.000 euroko aurrekontua behar zuten.
Nafarroako Gobernuak, ordea, ez zegoela diru hori emateko prest erantzun zuen. Egoerari irtenbidea eman nahirik, auzolanera jotzea erabaki zuten. Zizur Nagusiko Udalak materiala jarriko du (15.000 euro) eta ikastetxeko gurasoek megafonia paratzeko proiektua egin dute. Martxoaren 3an dute gurasoek auzolanerako hitzordua.
Ikasleen segurtasuna hobetuko duen megafonia sistema berri bat izateaz gain, Erreniegako ikasleek auzolanak dituen balioak ikasteko aukera izango dute ekimen honi esker. «Lan egiteko modu horren bidez bikain transmititzen dira balioak: elkartasuna, talde lana, besteen lanarekiko errespetua, esfortzua, laguntasuna, adiskidetasuna...», azaldu zuten.