«Badaezpada erremontea eta pilota batzuk eramango ditut maletan Mexiko aldera»
Erremontista
Miguel Mari Urrutiak -Saldias 1983- erremontearen mundua zur eta lur utzi zuen iragan astean, profesional izateari utzi eta Mexikon etapa berri bati hasiera emango diola jakitera eman zuenean. Inork ez zuen espero egungo atzelari onenak egun batetik bestera Galarretan jokatzeari utziko zionik. Larunbatean izango da agurra, baina egunen batean itzultzeari ez dizkio ateak erabat itxi.
Jon ORMAZABAL
Krisiek aukera berriak zabaltzen dituztela-eta, 2008 eta 2009ko buruz buruko txapelak jantzi zituen Miguel Mari Urrutiak Mexikon etapa berri bat hasiko du laster. Erronka honek momentuz erremontea, profesionalki behintzat, alde batera uztera behartzen du saldiastarra, baina GARAri eskainitako elkarrizketa honetan ez du inolaz ere baztertzen etorkizun hurbil batean berriz ere lehian ikusiko dugunik.
Erremontea utzi eta Mexikora joateko erabakiak erabat ezustean harrapatu ditu zale guztiak. Aspalditik zenerabilen aukera hori buruan?
Hilabete pare bat neraman buruari bueltak ematen, gauzak planteatzen eta enpresarekin hitz egiten, erabakia hartzea oso gogorra egin zait.
Zerk zaramatza Mexikora?
Pilota profesionala alde batera utziko dut, baina han hobby bezala jarraituko dut. Badaezpada, pentsatuta daukat erremontea eta pilota batzuk maletan eramatea, han praktikatzeko. Han palan-eta asko ibiltzen dira eta horretan ere ibiliko naiz. Nire aitaginarrebak lana eskaini dit eta probatzera noa.
Orduan zer da, betiko agur bat ala gero arte bat?
Ateak irekita daude. Enpresarekin hitz egin dut eta berriro bultatu nahi badut edo han ohitzen ez banaiz hemen lekua izango dut. Ez dakigu zer gertatuko den. Nork pentsatuko zuen erremontea orain utziko nuenik? Berdina pasatzen ahal da eta nik badaezpada erremintak eramango ditut. Hamaika urte daramat honetan, bederatzi profesionaletan, eta ez nuke utzi nahi besterik gabe. Badaezpada erremontea eramango dut eta hemendik bi urtera bueltan egon naiteke.
Izan ere, puntaren puntan egonda uztea oso arraro egiten da...
Egia esateko arraroa egiten da, bai. Oraintxe atzelari onena bezala nago, maila handian eta harrigarria izan daiteke halako pilotari batek alde egitea. Ez dakit zer esan, bizitzak buelta asko ematen ditu eta nik nigan pentsatu behar dut, neure etorkizuna begiratu behar dut.
Garai batean Hertzainak taldeak kantatzen zuen Euskal Herrian rock and rolak ez zuela dirurik emanen, erremonteak ere ez?
Bueno, garbi dago gauza ez dagoela lehengo urteetan bezala. Orain, pilotarien %90-95ak beste lan bat egiten du eta bateragarria izan behar du honekin. Argi dago krisi honekin asko jaitsi dela eta ez dela lehen bezala, baina pentsatu nahi dut krisia amaitzerakoan honek ere buelta emango duela.
Enpresari zulo handia utziko dio koadroko atzelari onenak, bat-batean, enpresa uzteak...
Enpresak esan dit hutsune handia utziko dudala, atzelaririk onena joatea eta gainera gaztea izanda are eta gehiago. Hor badaude erremontista batzuk urte batzuk dituztenak eta teorian ez dutenak urte askotan jarraituko. Ni gazteagoa naiz eta San Miguelekin atzean pike polita daukagu.
Gaizki hitz eginda, enpresarentzat putada bat da, baina beraiek ulertzen dute nik probatu nahi izatea. Aukera hau aprobetxatu egin nahi dut, probatu egin nahi dut, enpresarekin ondo geratu naiz eta nork daki zer gertatuko den.
Kotetorekin ere badaukazu nolabaiteko arantza bat. Buruz buruko azken bi finalak irabazi dizkizu eta horrela uzteak pena eman behar du...
Azken Mastersa jokatu nuenean ez zen deus publikatu, baina nik banekien denbora gutxirako nuela, azken buruz burukoa zela eta irabazteko gogo handiak nituen, baina ez zen posible izan. Koteto pilotari handia da, gogotsu ibili naiz bere aurka, asko ikasi dut bere aurka jokatzen, hamaika txapel ditu, historiako erremontistarik onena dela esaten dute eta plazer handia izan da bere aurka jokatzea. Azken bi finalak galdu egin ditut bere aurka baina ez du beste garrantzirik. Nahiago nuke irabazi izana, baina hala tokatu da.
Aurreko larunbatean anaiarekin jokatu zenuen bikotea osatuz lehen aldiz, berak hartuko al du erreleboa?
Nahiko nuke, ikaragarri gustatuko litzaidake. Hor dabil, aurreneko partidetan, bi urte daramatza profesionaletan, oraindik gaztea da, baina lehengaiak baditu, hori bai, pixka bat pulitu beharra dago.
Larunbatekoa egun oso berezia izango da Galarretan ezta?
Egia esateko, bi partida geratzen zaizkit: ostegunekoa [bihar] eta larunbatekoa. Azken hori ziurra da oso gogorra egingo zaidana horrenbeste urte eta gero. Baina mentalizatuta nago, positiboki begiratu beharra dago, festa polita egingo dugu denon artean eta horretan pentsatu beharra daukat.