Japoniako Gobernua, instalazio atomikoen iraupena mugatzear
GARA | TOKIO
Japoniako Gobernuak zentral nuklearren segurtasun neurriak sendotzeko lege proiektua onartu zuen atzo, Fukushimako hondamendia gertatu zenetik hamar hilabete igaro ondoren. Instalazioen jarduera 40 urtera mugatzea du xede lege proiektu honek.
Araudiak 40 urteko muga hori beste 20 urtez luzatzeko aukera zabalik uzten du, baina «izugarri zaila» izango dela nabarmentzen du.
Egun, Japonian ez dago erreaktore nuklearren jardueraren -guztira 54- iraupenaren gaineko mugarik, eta horietako askok urte gutxiren buruan beteko dituzte 40 urte. Tartean, Fukushimako zentral nuklearrean tsunamiaren ondoren huts egin zuten hiru erreaktoreetako bat, 1970. urtetik martxan dagoena.
Gobernuaren planak ezarritakoaren arabera, zentral nuklearrek, istripurik izanez gero, ingurumenera isurtzen dituzten gai erradioaktiboak saihesteko neurriak hartu beharko dituzte, eta erreaktoreek segurtasun eredua beteko ez balute, aginte guneetatik geldiarazteko agindua igorri ahal izango da.
Horrez gain, arautze agentzia berriaren sorrera ere aipatzen du lege proiektuak, Ingurumen Ministerioaren menpe arituko dena eta egungo segurtasun nuklearreko erakundeak batuko dituena.
Egungo Segurtasun Nuklearreko Agentziak -Industria, Ekonomia eta Merkataritza Ministerioaren menpekoa-, energia nuklearra sustatzeko helburua du eta instalazio atomikoak ikuskatzeko orduan izandako hutsuneengatik kritikatua izan da, baita Fukushimako hondamendiaren aurrean erantzuterako orduan mantsoegi aritzeagatik ere.
Atzo onartu zuten planarekin, segurtasun nuklearreko ikerketa batzorde bat sortzea ere aurreikusten du Gobernuak. Batzordea bost adituk osatuko dute, agentzia nuklear berria ikuskatu eta istripurik izanez gero, bere ikerketa propioak egiteko.