Hezkuntzan aurreikusitako murrizketa berriek lehen protestak eragin dituzte
Pariseko Gobernua Hezkuntzarako prestatzen ari den murrizketa medio, hautsak harrotzen hasi dira. Lanuzteak eta mobilizazioak izan ziren atzo. Esanguratsua izan zen Hendaiako Aizpurdi lizeokoa.
Arantxa MANTEROLA | HENDAIA
Datorren ikasturterako Hezkuntza Ministerioak irakasle postuetan aurreikusten dituen murrizketak jakinarazi ostean, protesta eta mobilizazioak hasi dira, baita Ipar Euskal Herrian ere. Atzo eguerdian, FSU sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin zuten Baionan.
Merkealdien sasoiaren erdi-erdian, Gobernuak ere hezkuntza «merkealditan» jarri duela nabarmendu zuten. 2012-2013 ikasturterako Pirinio Atlantikoetako Departamenduan 85 irakasle postu desagertzeko asmoa iragarri du Bordeleko Akademia Ikuskaritzak. Horietatik 46 lehen mailan eta gainerako 39 kolegio eta lizeotan.
Erretiratzen diren irakasleen postuak bete gabe utzirik, azken lau urteotan Departamenduan 135 irakasle eta bigarren mailan, irakasle eta gainerako enplegatuen artean, 225 lanpostu galdu direla salatu zuten. Bitartean, ikasleen kopurua emendatzen joan da.
LAB sindikatuak, protesta egiteko arrazoiekin bat izaki ere, ez zuen babestu atzokoa, «prestatu gabeko mobilizazio» zelako, eta «egiaz eragiteko», «dinamika jarraitua» izatea beharrezkoa delako.
Hendaian haserre
Bestalde, Aizpurdi lanbide heziketako lizeoko ehun bat ikasle, hainbat irakaslez lagundurik, manifestazioan joan ziren Hendaiako herriko etxe aitzineraino. Batez ere, ile-apainketa eta estetika gaiak irakasten diren ikastetxe horretan irakaskuntzako 49 ordu kentzeko asmoa du Ministerioak.
Joan den asteazkenetik gose greban da irakasle bat, Bonifacio Garcia. Bere lanpostua arriskuan ez badago ere, ekimenaren bidez, «logika ekonomikoan soilik oinarritutako politika» salatu eta bere «haserrea» azaltzeko.