Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Atzera eta aurrera begira
Kretako arte minostarrari buruzko liburu bat irakurtzen ari nintzela, berri erakargarri batekin egin nuen topo: Knososeko palazioaren inguruko identifikazio asko berrikusten ari dira. Palazioa ote zen, «tronu gela» ote zegoen edo «Erreginaren megaronean» erregina bat inoiz sartu ote zen zalantzan jartzen da gaur.
Garaiko idazkera ez da deszifratu, eta ondorioz gizarte minostarraren antolakuntzari buruzko datu gutxi dauzkagu. Arkeologia eta artea geratzen zaizkigu soilik. Horien arabera, «palazioak» administrazio-esparruak izan zitezkeen, edo biltegi eta banatzaile handiak, agian leku sakratuak, ziur asko denetarik pixka bat. Edozein kasutan, ez dago inolako erregeren berririk, Minosen mitoan ez bada; ez da hilobi monumentalik, ez errege-erreginen errepresentaziorik, ez errege-sinbolo argirik. Zergatik dago, orduan, hain barneratua «palazio» eta «tronuen» ideia?
Preziosik eta Hitchcockek, liburuaren egileek, Knosos 1900. urtean Sir Arthur Evansek induskatu zuela kontatzen digute. Erregetza bere identitatearen oinarri zuen lurralde batetik etorririk, aulki batez hornitutako gela dekoratu bat topatzean ontzat eman zuen gizarte aurkitu berria monarkikoa zela. Gainera, tamaina ezberdineko bi gela dekoratu aurkitu zirenez, handiena erregeari eta txikiena erreginari egokitzen zitzaizkiola onartu zuen garaiko logikaz. Hori guztia, bestelako errege-sinboloen gabeziari jaramonik egin gabe.
Gure begirada, diote egileek, ez da neutroa. Gizarte batetik gatoz, eta natural eta jakintzat hartzen ditugu guztiz kultural eta eraikiak diren ideiak. Arkeologian. Artean. Bai eta bizitzako beste esparru guztietan ere.