Martxan da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimen berria
«Bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea» eskaintzeko asmoz, taldekako txapelketa berria sortu dute Nafarroan, Bardoak izenekoa. Aurrerantzean, bertsolari txapelketa bi urtetik behin eginen dute eta osagarri gisa bestelako ekimen bat jarriko dute abian.GARA | IRUÑEA
Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimen berria ostiraletik martxoaren 31ra arte izango da berez. Halere, azken momentuan, bertsolarien agenda arazoengatik lehendabiziko saioa joan den ostiralean egin zuten Etxarrin. Datuei erreparatuta, abiapuntu ikusgarria du txapelketak: 17 taldek parte hartuko dute, guztira 99 pertsonak. 51 bertsolari aterako dira oholtzara, inoizko kopururik handiena. Saio kopurua ere ez da nolanahikoa: 24 saio bi hilabetean.
Atzo Iruñean egin zuten aurkezpenean iragarri zutenez, finala izan ezik, elkarte giroko saioak izanen dira denak, «kalitatezkoak, hurbilak eta berritzaileak». Gehienetan bazkari, askari, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dituzte.
Nabarmendu zutenez, talde lana da ekimenaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzaile-aurkezlea eta ordezkaria. Hortik aitzinera, nahi adina laguntzaile gehitu zaizkie. Ahal izan duten neurrian, eskualde edo inguru bereko lagunak bildu dira talde lanean jarduteko, bertsolaririk ezagunenak eta, horiekin batera, hasiberriak.
Taldeak eta entzuleak, epaile
Epaitu ere desberdin eginen dute, puntuaziorik jarri gabe: lehendabiziko fasean beste taldeetako bi kidek epaituko dute saioa, ariketaz ariketa talderik onena hautatuta. Entzuleek ere hobekien kantatu dutenak aukeratuko dituzte, eta bien baloraziotik aterako dute irabazlea.
Argitu zutenez, taldearen ardura saioetan kantatzeaz harago doa, etxeko saioa antolatu, aurkeztu eta epaitu beharko baitu. Hala, ekimenaren bertze helburu bat beteko dute: bertsolaritzaren arlo guztiak lantzea.
Bi fase igaro ondotik etorriko da Leitzako saioa. Hiru taldek -bederatzi bertsolarik- jokatuko dute finala, lehiaz haragoko festa handia.
Informazio guztia eta eguneratua (egutegia, ordutegia, sarrerak, bideoak, argazkiak...) «www.bardoak.com» gunean egonen da. Sare sozialak ere (Facebook eta Twitter) baliatzen ahalko dituzte zaleek xehetasunak segitzeko.
Iruritan, Bar-ideak eta Beratarrak lehiatuko dira; Doneztebeko Casinon, Jituk eta Beteranoak; eta Lesakako Arranon, Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak taldea eta Xirristi-Mirristi. Hiru saioak 21.ooetan dira.