Ernesto Pratek Seysseko espetxean jarraituko du epaiketa eguna iritsi arte
Gazte nafarrak Seysseko espetxean jarraituko du euroaginduari buruzko epaiketa egin arte. Horrela erabaki du Paueko auzitegiak. Epaileak datorren otsailaren 7an aztertuko du Madrilgo Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduaren onartzen duen ala ez
GARA | PAU
Paueko auzitegiak datorren otsailaren 7an aztertuko du Fernando Grande Marlaskak espainiar epaileak Ernesto Praten aurka emandako euroagindua. Atzo auzitegi frantsesak hala erabakita, gazte nafarrak Seysseko espetxean jarraituko du epaiketa izan artean. Hortaz, Praten abokatuak aurkeztu zuen eskakizuna baztertu zuen atzo epaileak, hitzordu hori iritsi arte libre uzteko eskaera hain zuzen ere.
Efe berri agentziak zabaldu zuenez, Paueko auzitegiak Ernesto Prat Urzainkiren eskaerari ezezkoa eman zion «ihes egin ez zezan». Epailearen ustez, «ez dago berme nahikorik Prat datorren otsailaren 7an ospatuko den bistan agertuko dela ziurtatzeko».
Maritxu-Pualus Basurko abokatuak atxiloketa gaur egungo momentu politikoarekin ez datorrela bat nabarmenduta egin zuen Ernesto Prat berriozartarra aske uzteko eskaera. Alde horretatik, Madrilgo Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua bertan behera uzteko eskatu zuen defentsako abokatuak.
Prat bera Grande-Marlaska espainiar epaileak igorritako euroaginduaren kontra azaldu zen. Iruñerriko presoak Estatu espainolera deportatua izanez gero, torturak pairatzeko arriskua izango duela adierazi zuen Paueko epailearen aurrean.
Estatu frantseseko Poliziak joan den asteazkenean atxilotu zuen Ernesto Prat berriozartarra. Gazte nafarra Lapurdin, Urruñan zehazki, bizi zen 2008. urteaz geroztik, espainiar Guardia Zibilak Nafarroan egindako sarekada batetik ihes egitea lortu ondoren.
Ernesto Pratek, 33 urteko gazte abertzaleak, Ekineko kide izatea leporatuta, mugimendu politiko horren aurka Auzitegi Nazional espainolak abian duen auzian auzipetu dute Estatu espainoleko agintariek.
Ezker abertzaleko, EAko eta Aralarko ordezkariek gazte nafarraren atxiloketa salatu zuten astelehenean, Gobernu espainolak Iruñean duen egoitzaren aurrean.
Ernesto Prat Urzainki EAE-ANVko hautagaia izan zen Baztango zerrendetan, 2007. urteko udal eta foru hauteskundeetan. Hala ere, Grande Marlaska espainiar epaileak Ekineko kide izatea leporatuta auzipetu du.