Herrira aurkezteko ekitaldian parte hartzera deitu du Askatasunak
GARA | BAIONA
Askatasunak, errepresaliatuen eskubideen alde lan egiten duen erakundeak, igandean Donostiako Kursaal jauregian Herrira mugimendua aurkezteko egingo duen ekitaldian parte hartzera deitu du. «Egin Dezagun Bidearen deiarekin bat egiten dugu eta Ipar Euskal Herriko herritar eta aktore politiko eta sozialak igandeko ekitaldian parte hartzera gonbidatzen dugu», adierazi du herri ekimenak ohar baten bidez.
Askatasunak dioenez, «Herrira mugimendua izadian eta funtzionamenduan arrunt berria da». Ekimena herritarra eta nazionala dela nabarmentzen du, eta mugimendu berriaren helburua «ahalik eta indar gehien metatuz euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea» dela gehitzen du.
Igandean aurkeztuko den mugimenduak sektore ezberdinetako eragileak bildu nahi ditu, giza eskubideak oinarri hartuta. Herri bilguneak bultzatzaile izan dituen ekimenak euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea eskatuko du, bai eta iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea ere. Kolektibo biek prozesu demokratikoan parte hartzeko eskubidea dutela ere defendatuko du.