GARA > Idatzia > Kultura

«Amanda TeVé» telebista kate eraberritua dakar Las Txirenitas antzerki taldeak Bilbora

Sei emakumek osatzen duten Las Txirenitas antzerki taldeak «Amanda TeVé» lana estreinatuko du gaurtik igandera bitartean Bilboko BBK aretoan, iaz aurkeztutako «La vida y sus cosas» lanari jarraipena emanez.

p051_f01_148x92.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Garai honetan bertan aurkeztu zuen iaz Las Txirenitas taldeak «La vida y sus cosas», Bilboko Badulaken jaiotako ideiei forma eman eta telebistako show bilakatu zituen antzezlana. Arrakasta sekulakoa izan zen, atzo azaldu zutenez, eta Amanda Miranda aurkezleak erosi egin du telebista katea. Horixe da «Amanda TeVé» ikuskizuna, Amandak bere egin du telebista eta lehen ere ondoan izan zituen bekadunen laguntzaz osatuko ditu programa ezberdinak. «Berak nahi duena egiten du, maila igo du. Dekoratuak aldatu dira, programazio aldetik parrilla guztia berritu du, estruktura berdina da ze telebista baten barruan gaude. Iaz beste jabe batzuk zituen, orain berea da eta gu gaude bekadun moduan, lanerako beti prest egon behar dugunak edozer gauzetarako», azaldu zuen Loli Astoreka aktoreak.

Beraz gain, Sol Maguna, Gemma Martinez, Yolanda Martinez, Vito Rogado eta Maribel Salas aktoreek osatzen dute Las Txirenitas taldea. Gaurtik igandera bitartean Bilboko BBK aretoan aurkeztuko duten lan honek denetarik biltzen duela azaldu zuen atzo Astorekak: «Telebista batean dauden saio pilo bat biltzen ditu. `No me creo na' saioan elkarrizketak daude, sukaldaritzari buruzkoa da `Me lo como to', beste sekzio bat dago zinemari buruzkoa `Cine pa cortos, pa ti' izenekoa eta, ondoren, ekoizpen propio bat, Amanda Mirandak egin duena, `La casa de Bernarda Atxaga'».

Orain arte bezala, umorerik ez da faltako ordu eta hogei minutu irauten dituen saio honetan. Egunerokoari txispa ateratzen ahalegintzen direla aitortu zuen Astorekak, nolabaiteko kritika eginez, «batez ere geure buruari barre eginez eta eguneroko kontu horiei buelta bat emanez», esan zen Astorekak.

Ama birjinekin solasean

Eguneroko gai horien artean daude, esaterako, sexua eta erlijio katolikoa. Atzo prentsaren aurrean eskaini zuten emanaldi laburrean, bost ama birjina aurkeztu zituen Amanda Mirandak bere elkarrizketa saioan. «Ama birjinek eurek gizartearekiko zer pentsatzen duten agertuko da. Krisi garaian, ama birjinentzat ere sartu da krisia. Ez gara denen modukoak, guk ez dugu bekatu normalik egiten. Hemen esate baterako, sexu problemak beti izan ditugu. Niri etortzen zait jendea Errioxatik aitortzen eta barkamena eskatzen aste batean emakume batekin hiru bider txortan egin duelako. Nik esaten diet hori bekatua han izango dela, Errioxan, hemen mirari bat dela», kontatu zuen Astoreka «Begoñako amak».

Zuzeneko antzezpenekin batera proiekzioak txertatuko dituzte taula gainean, pantaila handi baten bitartez.

Hurbiltasun Antzokia, martxoa bitartean

Las Txirenitasek jarraipena ematen dio Arriaga antzokiak eta BBK aretoak antolatzen duten Hurbiltasun Antzokia programari. Martxora arte formatu txikiko lan «berritzaileak» pasatuko dira BBK aretotik. Otsailean, bertan izango dira «Un enemigo del pueblo» eta «Espectros» irakurraldi dramatizatuak, Gonzalo Demariaren «El cordero de los ojos azules», Kabiaren «Rojo al agua», Cal McCristalen clown ikastaroa eta Miguel del Arcoren «Juicio a una zorra». Martxoan honako lanak izango dira: «Somiatruites» (Albert Pla eta Pascal Comelade), «Malaga» (Lukas Bärfuss), eta Henrik Ibsenen «Hedda Gabler». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo