Itziarren Semeak-ek lau kantu berri kaleratu ditu «Basque of Brixton» EPan
GARA | BILBO
Itziarren Semeak talde bizkaitarrak «Basque of Brixton» (MusikHerria) deituriko EPa kaleratu du, 2011ko maiatzean aurkeztutako «Lehen lerroan» diskoaren jarraipena. «Izenburuak The Clash taldearen `Guns of Brixton' ezagunari egiten dio erreferentzia, Bizkaiko golfoek beren nortasun propioarekin moldatu duten arren», azaldu zuten taldekideek.
EP berria ateratzeko ideia 7katu gaztetxearen bosgarren urteurrena dela-eta egindako kanta grabatzera joan beharretik sortu zitzaien. Andoaingo Garate estudioetan grabatu dute, berriro ere Kaki Arkarazoren gidaritzapean. Kolaboratzaile ugari izan ditu taldeak oraingoan ere. Ainhoa Mendibilek (Hankahutsik) ahotsa eta hitzak egin ditu «Aulki hutsak» kantuan. «Bizitzaz bi hitz» Eneko Ostolaza Ikaran (Oliba gorriak) euskal preso politikoak idatzitako testuan oinarrituta dago eta Evaristok (La Polla) ahotsa jarri du. Oihana Bartraren hitzak dituen «7katu» kantuan Pirritx eta Porrotxek hartu dute parte eta Iñaki Martinezek trikia jo du.
Bestalde, «neguko hotzari aurre egiteko» osatu duten «Gau luzeak» kantuaren bideoklipa ere kaleratu dute. Www.itziarrensemeak.com atarian dute ikusgai bideoa.