Bakartxo Ruiz Jaso Bilduko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean
Pribatizazioa pagotxa? Batzuentzat, agian...
Ez dirudi Nafarroako Gobernuak beste inongo aukerarik aztertu edo aintzat hartuko duenik, «sektore publikoa arintzeko» bere ekimen gartsuanBerrantolaketa», «zerbitzuak bateratzea», «eraginkortasuna», «optimizazioa»... hitz politak, bai. Helburu jakina duen diskurtsoan erraz txertatzen dituzten hitzak. Eta helburu hori argia da: osasun arloan egindako murrizketei zilegitasuna ematea, eraginkortasuna ardatz duen kudeaketaren ondorio omen diren neurrian, eta sistema publikoaren kalitateari inongo kalterik egiten ez omen diotelakoan. Nafarroako Gobernuak adarra jo nahi digu. Baina kontuz, gauza bat da jo nahi izatea, eta beste bat, ahal izatea.
Adibidez, sinetsarazi nahi digute Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeen pribatizazioak abantailak besterik ez dizkigula ekarriko. Onurak, alde guztietatik, gainera: kalitatean, segurtasunean, higiene-neurriei dagokienez, ekonomikoki... Sekulako pagotxa, aizue. Langileren baten egoeran eragina izan dezake, hori bai, baina erraz onar daitezkeen albo-kalteak dira, defizitaren muga eta gastuari eustearen ikurra eskutan. Nola ez!
Baina berehala sortzen zaigu lehen zalantza. Izan ere, pribatizazioa erabakitzeko argudio eta euskarri bakarra Osasunbideko gerenteak 2011ko urriaren 10ean sinatutako txosten bat da. Kontuan hartzen badugu Marta Vera kontseilariak irailean jada iragarri zuela aipatu neurria Osasun Departamentuan hartuko zituen «ajuste» neurrien artean, honako galdera datorkigu burura: ez da izango aurretik hartutako erabaki bat justifikatzeko asmoz ex profeso egindako txostena, beste hainbatetan ikusi dugun bezala? Agian arrazoirik gabe ari gara gaizki pentsatzen, baina...
Agian bai. Baina kontua da txostenaren edukian oinarrituta ere, zulo beltz asko ikusten ditugula. Hasteko, deigarria da ospitaleetako elikadura eta nutrizio ataletako profesionalei inolako erreferentziarik ez agertzea. Ezin dugu ahantzi gaixoak osatzeko tratamenduaren atal batez ari garela. Tristea bada ere, dagokion arloko profesionalen iritziari muzin egitea ohikoa bihurtzen ari da kontseilariaren jardunean, murrizketak ezartzerakoan batik bat. Modus operandi berbera ikusi dugu Tutera eta Lizarrako laboratorioak bateratzeko ekimenean. Esaten digute profesionalen parte hartzeak osasungintza publikoaren hobekuntzaren oinarria izan behar duela, krisi garaian bereziki. Baina beste behin, gauza bat esan eta beste bat egin.
Esanguratsua da, era berean, egungo egoerari bestelako alternatibak bilatzeko inongo saiakerarik ez egitea. Esaterako, sukalde bakarrarekin aritzea posible izango litzatekeen aztertzea. Logikoa litzateke pentsatzea sukaldeak bateratze soilak kostuen murrizketa eta baliabideen optimizazioa ekarriko lukeela. Baina txostena, aukera horiek aztertu beharrean, zerbitzua pribatizatzeak ekarriko lituzkeen balizko abantailak ikusaraztera bideratua dago. Hala ere, ez du aztertzen Nafarroako Ospitale Gunearen antzekoa litzatekeen beste ospitaleren bateko pribatizazio kasurik. Ez dago konparatzeko aukerarik. Balizko aurrezpen ekonomikoari dagokionez, ordea, konparaketa egin, egiten du. Comptos Ganberako txosten bati egiten dio erreferentzia, eta bertan aipatzen diren hainbat datu ematen ditu: Tuterako Ospitalean, sukaldea pribatizatua dutelarik, 2004an zerbitzuaren kostu unitarioa 12,62 eurokoa zen eta 2011n, 19,6 eurokoa. Tarte horretan, beraz, %55eko igoera, ia-ia %7 urtero. Hau da pribatizazioak dakarren aurrezpena?
Bestalde, txostenak dio neurri honek alderdi sozio-laboralean ere abantailak ekarriko lituzkeela, sukaldeko langileen artean dagoen absentismo tasa altua dela-eta, itxuraz. Zerbitzua pribatizatzean, «gastu gehigarri» hori enpresa pribatuak bere gain hartuko luke. Baina ez dakiguna da absentismo hori nola kudeatu den, benetan altua den edo ez, zein liratekeen arrazoiak, zer nolako neurriak hartu diren orain arte, zein hobekuntza plantea daitekeen kudeaketan... Horretarako daude giza-baliabideetako zuzendaritzak, ezta? Ordea, dakiguna da absentismoa murrizketa neoliberalak gauzatzeko ikur eta aitzakia bilakatu dela. Kostuak murriztea bada kontua, zergatik ez dira murrizten jefatura kopuru itzela, soldata gehigarriak edota UPNko Gobernuak beren ildokoei ematen dizkien sariak?
Edozein modutan, eztabaidatzeko legoke administrazio publikoak sektore ahulenei, merkatuan enplegua eskuratzeko eta mantentzeko zailtasunak dituztenei, alegia (emakumezkoak, maila sozioekonomiko apaleko norbanakoak...) enplegu publikoa bermatzeko hartu beharreko ardura zein den. Edo Administrazio Publikoaren eraginkortasuna parametro ekonomiko hutsetan neurtu behar da? Adibidez, pentsatu dute zenbat lanpostu galaraziko ditu neurri honek? Berez prekarioa den sektore batean, emakumezkoak nagusi dituena, gainera... Ez dago zalantzarik sektore honek are latzago pairatuko dituela merkatuen harira egindako politika hauen ondorioak.
Txosten honen forma eta mamia ikusita, hainbat ondorio atera ditzakegu. Hasteko, zergatik ez da planteatzen sukalde bakarrera jotzea, kalitatea handituz, kudeaketa hobetuz, eta gainontzeko kostuen murrizketa (suministroak, energia) proposatuz?
Era berean, eta txostena plazaratu den kontestutik harago, bestelako aukerak ere balora litezke. Esate baterako, ospitale guztiak hornituko lituzkeen enpresa publikoa sortzea, jardun zabalagoa ere izan lezakeena, ikastetxeei edo bestelako egoitzei zerbitzua eskainiz, adibidez. Antzeko aukera bat izan daiteke kooperatiba bat sortzea, edo babes publikoa izango lukeen enpresa sozial bat eratzea (kreditu kudeaketa erraztuz, etab.).
Baina ez dirudi Nafarroako Gobernuak beste inongo aukerarik aztertu edo aintzat hartuko duenik, «sektore publikoa arintzeko» bere ekimen gartsuan. Baina arintze hori, zeren truke? Zerbitzuen kalitatearen eta lanpostuen truke. Ez daitezela saiatu sinetsarazten ez dagoela alternatibarik, eta zerbitzuak pribatizatzea sistema publikorako pagotxa dela. Ez diegu sinesten.