GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

«Bestelako kontuak»

«Bestelako kontuak» funtsezko bihurtu beharko genituzke; eztabaidagai jarri, ideologizatu, inguratzen gaituen masa doktrinatuaren maila gainditu nahi badugu behintzat

Aurreko larunbateko «Berria»-ko artikuluan Andoni Egañak ideologiak duen zentzua berreskuratzearen beharraz idatzi zuen. Horren inguruan hainbat pertsonak idatzi genuenaren harira zetorren hausnarketa, eta bertan funtsezko gaiez eta bestelako kontuez mintzo zen. Hari bola horretatik tiraka-edo, honako soka luzeko gaia atera zait orriotara ekartzeko.

Normalean, esapide hau, horren funtsezkoak ez diren gaiekiko dugun «bigarren-mailakotasuna» adierazteko erabiltzen dugu. Hau da, «bestelako kontuak» funtsezkoak ez diren kontuetatik urruntzen diren kontuak lirateke. Aho-korapiloa dirudien honek bere isla du geurean. Euskal Herrian, harreman sozialetan badira funtsezko eztabaidagaiak, eta badira «bestelako kontuak» horren eztabaidagai ez direnak. Izan ere, gure herrian oso ohikoa izaten da makro-politikaz aritzea, hori baita funtsezko gaia, eta ez naiz ni izanen hori gaizki dagoela esaten duena. Ez dut uste harritzekoa denik, gure herriaren bilakaera historikoa ikusirik ez baitugu beste aukera askorik izan. Baina halere, politika oso gai errekurrentea izan daitekeela begitantzen zait. Esan nahi baitut, askotan «bestelako kontu» batzuk ekiditeko erabiltzen dela hainbestetan hizketagai makro-politiko berberak errepikatzea.

Izan ere, makro-politikatik harago norberaren bizitzarekin zerikusia duen gainontzeko guztia dago. Norberarena den esparru intimo eta unibertso propio hori. Askotan, guk geuk intimitatera kondenatzen duguna, kostata aritzen baikara «bestelako kontuetaz». Erosoago zaigu Patxi Lopezen azken adierazpenak gogor salatzea, PPren Gobernuaren mugimendu ezarekin sumintzea, Barcinaren azkenarekin nerbioak galtzea... Bitartean, alboratu egiten ditugu «bestelako kontuak», norberaren barrenean geratzen dira jirabiraka. Alabaina, esango nuke oso inportanteak direla «bestelako kontu» horiek; esaterako, ama izan nahi ez, eta sentitzen dugun presioa; bikote harremanean sumatzen dugun itolarria; adinarekin egin ditugun amore-emateek sortutako kontraesanak; besteen begietara ahulegiak ez ote garen; birekin edo hamabostekin larrua jo izanagatik zikinegiak ote garen; lana; estresa; maitasuna zer den, zoriontsu ote garen, ala ez. Hauek guztiek eta gehiagok osatzen dute bi hankadun animalien eguneroko unibertsoa.

Eta hain dira urriak kezka horiei bide eman ahal izateko ditugun erreferentzia publikoak. Hortaz, hortxe geratzen zaizkigu, gure barneko mekanismoan korapilatuta, astiro-astiro gure izaera urratuz. Pendiente uzteak, askotan landu gabe uztea suposatzen duelako. Baina berdin dio, Patxi Lopez, Barcina edota beste hainbesteren adierazpenez hitz egiteko tarte luzea dugulako. Horrekin eraikiko dugu sozializatzeko hain beharrezkoa dugun erreferentzialitatea, abertzalea hein handi batean; eta ezkerrekoa, modu prekarioagoan. Norberak bere bekatuak eta kontraesanak bere intimitatean kudeatu beharko dituelako. «Bestelako kontuak» funtsezko bihurtu beharko genituzke; eztabaidagai jarri, ideologizatu, inguratzen gaituen masa doktrinatuaren maila gainditu nahi badugu behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo