Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Joseba oihanekoa
Ez al zaizkizu 5.000 oihan gehiegitxo iruditzen Joseba? Irrati musikalaren deforestazio basatiari hainbeste urtetan eutsi, landare mota berriak deskubritu, desagertze zorian zeuden beste batzuk berpizte bidean jarri. Gure antropologo rockeroa zara, botaniko folkia, altxorrekin obsesionatutako abenturazale pop zalea, sendagai perfektoaren bila dabilen ikerlari elektronikoa.
Ez dakit, tamaina imajinatzen hasteko: zenbat futbol zelai kabitzen da 5.000 oihanetan? Ez dakit, baina, egon ziur, gaur egun arbitroen kasetan sar daitezkeela euskal irrati publikoetan musika duintasunez tratatzen duten esatariak, nahiz eta futbol zelaietan musikarekin hasi eta bukatzen diren partidak. Beste kontu bat litzateke zeure ardurapean balego «katedralaren» partidetako soinu banda, «hilo musikala» (erderakada txukunean). Adinagatik, esango nuke, zeuk ere ongi dakizula zer den hori.
Eta galdera bat, oihana ala baratzea? Ez al diote adituek oihanarena pentsatu baino askoz ere ekosistema hauskorragoa dela? Bada, urte hauetan, erein, landatu, lurra irauli... Izerdi pixka bat egin beharra dago 5.000 landaketa ustiatzeko, ez da hala? Egia esateko, arraro samarra egiten zait sardearekin imajinatzea; baina nork daki, agian, estudioaren txoko batean dituzu laborari tresnak; musika topatu, aukeratu, jantzi eta azaltzeko, aitzurra, igitaia eta eskuarea. Indiana Jones-en kapelua baino nahiago txapela.
Zorionak Joseba. Kantuz jositako 5.000 baratze, ufa! Hori bai uzta ederra. Kontatu al dituzu zenbat kantu izan diren? 60.000? 100.000? bada, prestatzen hasi diskoteka, beste hainbat beharko duzu-eta aurrerantzean.