Lander Garro | Idazlea
Autobusean
Luzea da gaiztakeria erokeriarekin nahasteko joera. Jendea gaiztoa dela barneratzea nekeza balitzaigu bezala. Badugu hurkoa desenkusatzeko joera aski sanoa, edo aski inozoa. Agian koldarkeria da, gaiztoa gaizto agertzen denean paparretik heldu eta hankaz gora botatzeko izua. Autobusean baten batek oina zapaltzen dizunean bezala, sortzen zaizu duda nahita egin ote duen, bueltan irribarre bat merezi ote duen edo alkandorako patrikan daramazun boligrafoa begian sartzea. Imaginatu ere, imagina dezakezu atsoaren begia lehertuta, irudi groteskoa. Baina irribarre egiten diozu, bera ez bezala zeu jendezalea zarelako, besteak mintzeko ezgauza. Zeure zapatak bestearen zolaren hautsaren arrastoa dauka orain puntan, galtzaren kontra igurtzita garbituko duzu, zeure burutik atsoak nahita egin ote duen argitzeko dudak uxatu nahian, ze gutxienekoa zapata da, larriagoa da barrutik datorkizun ahots mendekuzalea, inoiz ere entzun nahi ez duzuna, duintasunez joka dezazun eskatzen dizuna temaz eta erruki gabe. Orduan erreparatu diozu atsoaren aurpegiari eta ikusi duzu irriño bat marraztuta, eta ohartu zara badakiela zer ari zaren pentsatzen, zeure buruan mendeku gose eutsiezina darabilzula, baina lotsagatik edo koldarkeriagatik edo zinez nahita zapaldu ote dizun jakiterik ez daukazulako ez duzula mendekurik hartuko, aurrera begira segituko duzula barruan dabilkizun duda ezkutatzeko ahalik eta keinu distanteena jarrita, eta orduan gorrotoa sentituko duzu, eta uste duzu gorrotoa harekikoa dela, baina zeure buruarekikoa da, hain justu zeuk ere nahiko zenukeelako aldamenekoaren oina zapaldu, zeurearen arrastoa harenaren gainean utzi, hark ere zalantza izan dezan, nahita egin ote duzun, ezer esatera ausartu gabe.