Karlos Linazasorok eskuratu du estreinako Xabier Lete poesia saria
Karloz Linazasoro eta Miguel Sanchez Robles izan dira, hurrenez hurren, Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Nazioarteko I. Xabier Lete eta Nazioarteko Gabriel Celaya poesia sarietan irabazleak.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Karlos Linazasororen «Ezer gehiago behar gabe» poesia bilduma izan da Nazioarteko I. Xabier Lete poesia sariaren irabazlea. «Poema-liburu eder eta handia da, ideietan, metaforetan eta adierazteko moduetan aurkikuntza poetiko asko dituena», azaldu zuen Jose Angel Irigaray epaimahaikideak saria jaso duen lanari buruz. «Bere ahots lirikoa adierazteko modu laburrean, gaien kontzentrazioan, hautematearen gelditasunean eta hausnarketaren sakontasunean bereizten da. Azpimarratzekoa da sentimenduak eta natura elkartzeko dotoretasuna eta amodioari zein galdutako paradisuei kantatzerakoan dagoen autoironia (...) Obra irabazlean poesia klasikoaren ezaugarri guztiak biltzen direla esan dezakegu», dio aldi berean epaimahaiaren aktak.
«Niretzat ilusio handia da. Xabier Lete beti izan da erreferente bat niretzat, nire kantari eta poeta maitea zen», adierazi zuen atzo Linazasorok. Liburuan zehar, zazpi urtetan idatzian, «betiko gaiak» jorratu ditu euskal filologoak: «Nire amaren heriotzaren inguruan hasten da liburua eta hortik aurrera natura, maitasuna eta denboraren iheskortasuna lantzen dira», adierazi zuen. Gainera, zazpi urtetan idatzi duen arren, autoreak ez du estetika eta eduki aldetik saltorik ikusten bilduman. «Nik irabazi izanagatik, Xabier pozik egongo dela uste dut», esanez amaitu zuen Linazasorok.
Guztira hogeita bi lan aurkeztu ziren sariketa honetara, eta beraz, lehiaketak izandako oihartzuna nabarmendu nahi izan zuen Irigarayk atzoko ekitaldian.
Celaya
Bestetik, Nazioarteko Gabriel Celaya poesia saria Miguel Sanchez Roblesek irabazi zuen bere «Treinta maneras de mirar la lluvia» lanari esker. Epaimahaia Carlos Aurtenetxek, Felix Marañak, Jose Maria Parreñok eta Elena Romanek osatu zuten, eta Marañak adierazi zuenez, beren helburua obra bat topatzea zen, ez egile bat.
«Aho batez erabaki genuen obra hau. Gaur egungo poesia duintasunez ordezkatzen du», azaldu zuen Marañak.
Sanchez Robles 1957an Murtziako Caravaca de la Cruzen jaioa, Geografia eta Historiako katedraduna da. Bere poesia ibilbidea lehen mailako sari eta errekonozimendu literarioz josita dago. Beste hainbaten artean, honako poesia sariak irabazi ditu: Miguel Hernandez, Leonor, Esquio, Bienal de Leon, Barcarola, Irun Hiria saria, Zaragoza Hiria saria, Julio Tovar eta Rafael Morales. Narratiba arloan, berriz, Alberto Lista, Camilo Jose Cela, Julio Cortazar, Fernandez Lema eta Ignacio Aldecoa sarien jabe da, eta nobelan Fray Luis de Leon saria lortu du «La tristeza del barro» lanagatik.
Bi liburuak argitaletxe batek kaleratuko ditu. Kultura diputatuak, Ikerne Badiolak, azaldu zuenez, oraindik ez da hitzartu zein argitaletxe arduratuko den horretaz, nahiz eta Pamiela aipatu izan duten.