GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bidegiren desfasean, EAJ arreta desbideratzen saiatu dela dio ezker abertzaleak

Ezker abertzaleak Bidegiren «eskandalua» argitzeko eskatu dio EAJri, foru-sozietateak kudeatutako obrei dagokienez atzemandako diru aldea %65erainokoa dela-eta. PSE eta PP «itsu, mutu eta gor» daudela diote.
p017_f01.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Gipuzkoako ezker abertzaleak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo eta, besteak beste, EAJri Bidegiren eskandalua argitzeko eskatu zion. Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegik kudeatutako obretan %38 eta %65 arteko desfasea -247 milioi eurokoa- dagoela jakinarazi zuenetik, EAJ «arreta desbideratu nahian, prentsa titular ponposoak» ematen ari dela salatu zuten.

Idoia Aiastuik, euskaraz, eta Ińigo Baldak, gazteleraz, ezker abertzaleak «makro-proiektuen» aurka duen jarrera gipuzkoarren artean ezaguna dela esan zuten, horiek «egitasmo inposatuak» izan direla iritzita. Adibide gisa, abiadura handiko trena, Pasaiako kanpo-portua edo Zubietako errauste-planta aipatu zituzten.

EAJk erabili duen kudeaketa eredua «eraikitzea eta eraikitzea» izan dela azaldu zuten, eta bide horretan herritarrei informazioa ere ukatu zaiela. Horren haritik, «erabakiak gutxi batzuen artean» hartu direla ere salatu zuten, «sarritan interes ekonomiko batzuen mesedetan hartu baitira». Helburu horiek lortze aldera erakundeetan oposiziorik gabe aritzeko, «batzuk eta besteak» Alderdien Legeaz baliatu zirela salatu zuten.

Bidegiri dagokionez, gipuzkoarren artean sortutako «alarma soziala» ukaezina dela esan, eta desfasearen gaineko azalpenak emateko exijitu zieten jeltzaleei. Izan ere, ezker abertzaleren ustetan, «Bidegiren eskandaluaren atzean enpresa eraikitzaile handien menpeko eredu ekonomikoa» dago. Hori dela eta, «horrelakorik berriro ez gertatzeko obra guzti horien gaineko kontrolik zergatik ez den egon edo zer dela-eta ez dituzten gainbegiratu» jakin nahi dutela esan zuen Aiastuik.

Jeltzaleez gain, PP eta PSE ere izan zituzten jomugan. Eta bi alderdiak, Bidegiren desfasearen auziari dagokionez, «itsu, mutu eta gor» daudela azaldu zuten, «beste edozein» gertaeraren aurrean «interpelazioak eta batzorde bereziak» eskatzen dituztela gehituz. «Inolako irabazi asmorik gabe, gazte batzuek etxe bat okupatzen dutenean esaterako, egunkarietako lehen orrialdeak betetzen dira, baina kasu honetan tartean milioi asko eta asko egonik, ez dute azalpenik eskatu, ez dugu ahots kritikorik entzun».

Aukera paregabea

Udal eta foru hauteskundeen ostean, Gipuzkoan aldaketarako aukera paregabea zabaldu dela iritzi zioten. «Ezker abertzalea gipuzkoarron behar eta nahien neurrira eginiko eraldaketak bultzatzen ari da, erakundeetatik eta kaletik». Halaber, azken urteetan azpiegitura handien aurkako dinamikak aldaketa politiko eta sozialaren protagonistak izan direla eta izaten jarraitzen dutela adierazi zuten.

Zentzu horretan, hainbat eragile sozialek deituta, larunbatean Donostian «Gipuzko desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu!» lelopean egingo den manifestazioari babesa eskaini zioten.

MARTXAREKIN BAT

Ezker abertzaleak Gipuzkoako eragile sozialek larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egin du. «Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu!» lelopean Bulebarretik abiatuko da 17.30ean.

prestutasuna

Baliabide publikoak herritarren benetako beharretara bideratzeko, gardentasuna oinarri duen eredua bultzatu behar dela esan zuten, eta bide horretan, beste eragileekin, EAJ tarteko, elkarlanean aritzeko prest daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo