GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baterak bideak blokeatuko ditu Ipar Euskal Herriaren aitortzaren blokeoa salatzeko

Martxoaren 3an mobilizazio berezia egingo du Baterak. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren aitortza instituzionalaren eskaerak erantzunik gabe segitzen duela salatzeko, hainbat errepide blokeatuko dituzte.

p016_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Ipar Euskal Herria aitortuko duen erakunde bat sortzeko urteetako eskakizuna blokeatua dago. Estatuak ez du erantzunik ematen eta, hortaz, jarrera hori salatzeko guk ere blokeoa erabiliko dugu». Martxoaren 3rako antolatu duten mobilizazioa hitz horiekin iragarri zuten atzo, Baionan, Batera plataformako Jakes Borthairu, Martine Bisauta, Maite Goienetxe, Nicolas Blain, Paxkal Indo, Philippe Duluc eta Lucienne Laxaguek.

Testuinguru aproposa

Bateraren ustez, «testuinguru aproposean» datoz ekimenok. «Estatu mailan, aldaketa instituzional nabarmenak egiten ari dira lurralde erreformaren baitan, eta gainera, hauteskunde garaiak ere eztabaida eta eskakizunak plazaratzeko une egokia izan ohi dira», azaldu zuten.

Presidentetzarako bozetan nor atera garaile, horrek ere zerikusia izango omen du eskakizunaren bilakaerarekin. Izan ere, François Hollande PSko hautagaiak agindua du egungo erreforma baino dezentralizazioaren III. atalari ekingo diola.

Euskal Herrian ireki den «aro politiko berria eta historikoa» ere lagungarri delakoan daude, eta gainera, debate instituzionala gori-gorian dago Ipar Euskal Herriko hainbat eragile, alderdi eta egituretan.

Horiek horrela, martxoaren 3ko mobilizazioak bi helburu ditu. Batetik, Bateraren lau aldarrikapenak gogoraraztea (unibertsitatea, euskararen koofizialtasuna, laborantza ganbera eta instituzioa). Azken honen premia bereziki nabarmendu nahi dute. Bestetik, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen blokeo politikoa salatzea.

Zazpi gune

Mobilizazioak goizeko hamarretatik hamabietara iraungo du. Tarte horretan gune jakin batzuetan «errepideak itxiz, espazio publikoa okupatuko» dute. Asmoa ez da trafikoa erabat etetea, baizik eta moteltzea edota «saihesbide moduan» ibilgailuak leku jakin batzuetatik pasaraztea.

Autogidariei informazioa banatuko diete bitarte horretan eta segurtasun neurri eta seinaleak plantan emango dituzte: «Ez gara ezkutuan ibiliko. Gaurdanik iragartzen dugu BAB aireportu aldean, Urruña eta Ziburu artean, Senpereko eta Mauleko sarreretan, Kanbon D932 gunean eta oraindik zehazteke ditugun Nafarroa Behereko bi gunetan izango garela», jakinarazi zuten, erabiltzaileek mobilizazioak eragin ditzakeen trabak aurreikus ditzaten.

Ipar Euskal Herriaren «ezagutza instituzionala beharrezkoa ikusten duen oro» mobilizazioan parte hartzera deitu zuten Baterako kideek.

LURRALDE ELKARGOA

Bateraren aburuz, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren erakundetzea erdiesteko, aukera egokiena lurralde elkargoa da (egun, Estatu frantseseko legeriak ahalbidetzen duen egitura berezia).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo