GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Ander Mayora, Aratz Zearreta Gazte independentista

Zuen aberastasuna, gure miseria!

Badira lau urte Ameriketako Estatu Batuetan zabor-kredituek aurpegian eztanda egin eta krisia Europara hedatu zela. Huts egindako sistema kapitalistari alternatibak planteatzetik urrun, Frantziako presidente Sarkozyk aitortu zuen 2008an krisiari aurre egiteko kapitalismoaren berfundazioa beharrezkoa zela. Eta hori da hain justu egiten ari direna. Merkatuek herritarren interesak eta demokrazia zerri askara bota dituzte, kapitalismo are basatiago eta jasangaitzagoa eraikitzeko. Oligopolio espekulatzaileen menpeko txotxongilo bilakatu dira gobernuak.

Alta, krisi ekonomikoa krisiz osatutako matriuska handiagoaren panpinetako bat baino ez da. Kapitalismoak eta garapen ereduak huts egin dute, eta orain denborari irabazten dioguna, denborak irabaziko digu. Aipatu kapitalismoaren berfundazioaren atzean Lurra suntsitzen jarraituko duen garapena ezkutatzen baita. Urte hauetan modu lotsagarrian ikusi dugu diru publikoa gobernuen kutxetatik bankuen poltsikoetara pasatzen eta ondoren hauek herritarren beharrei erantzun ordez, euren interesen arabera espekulatzen. Negozio borobila. Barre egin digute muturren aurrean eta gu ez gara gai izan sabelean ostiko bat emateko.

Espainiako Estatua da aipatutakoaren adibide garbia. Krisiak leher egin zuenean ekonomia erreala sustatu beharrean Zapateroren Gobernuak nahiago izan zuen bankuak hondoratu aurretik puztea. Bankuek ekonomia erreala sustatzetik urrun, zor publikoan inbertituta aberastu dira. Europako Banku Zentraletik %1 edo %1,5eko interesa ordainduta jasotzen duten dirua zor publikoan inbertitzen dute %3 eta %7 arteko interesak kobratuz. Guzti honi, iruzur fiskala gehitu behar zaio. 2011n Espainiako Estatuan 90.000 milioi eurokoa izan da iruzurra. Erantzuleak, gehienbat, IBEX 35ean jokatzen duten enpresa eta bankuak. Hego Euskal Herrian 10.000 milioi euroko iruzurraz ari gara.

Bitartean estatuek iruzur fiskalari aurre egin, herritarroi mesede egingo digun erreforma fiskala burutu eta espekulazioa eten beharrean, Alemaniak marraztutako «zero defizit» politikari itsumustuan jarraitzea deliberatu dute. Rajoyk ez du denbora asko behar izan oposizioan Zapaterori leporatutakoa irentsi eta murrizketa gehiago egiteko. Gainera, bankuei beste 100.000 milioi euro oparitu dizkiete abal gisa. Gora demokrazia... Zein da beraz politika zentzugabeon helburua? Merkatuen diktadura neoliberala egonkortzera bidean, administrazio publikoa eta enplegu publikoa suntsitzea zerbitzu publikoak pribatizatzeko. Osasungintza, hezkuntza, kultura, gizarte-laguntzak... Moztu, moztu, moztu.

Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Gobernuak ere lepo beretik burua. Aurrekontuetan murrizketak egin dituzte -%1 eta %2,5 artekoak- eta eremu kaltetuenak kultura, gizarte laguntzak, osasuna eta hezkuntza izan dira. Baina era berean, beharrezkoak ez diren eta jasangarriak ez diren proiektu erraldoietan dirua xahutzen jarraitzeko apustu sendoa egin dute. Euskal Y egiteko aurrekontua %27 igo dute. Nafarroan AHT egiteko xahutuko dute aurrekontu osoaren ia erdia, 134 milioi euro.

Murrizketei gehitu behar zaie eremu pribatuan patronalak zenbait sindikaturen konplizitatearekin, bake sozialaren izenean adostu duen lan erreforma. Enplegua sustatu beharrean, lan kontratu prekarioak dira sustatu dituztenak, soldatak murriztu eta kaleratzeak merkatzearekin batera. Gazteon kontratuen %95a aldi baterakoak dira egonkortasun eta segurtasun eza areagotuz. Etxebizitza batean sartzeko aukerarik ez, pentsio plan duinik ez... Etorkizun beltza.

Honi Zapateroren Gobernuak hauteskunde bezperan onartutako erreforma gehitu behar zaio. «Praktika kontratu» gisa saldu dutenak 18 eta 25 urte arteko gazteak miseriara eta prekarietatera kondenatzen ditu, hilean 426 euroko ordainsari miserablearekin -pobreziaren mugaren azpitik-. Horri gaineratu eskubide sozial, laboral eta soldata eskubiderik ez izatea, oporretarako eskubiderik ez, lan jardunaldi maximorik ez, kaleratzeagatik ordainsaririk ez, eszedentziarik ez...

Finean, urteetan langile borrokaz lortutako eskubideak kolpe bakarrean mahai gainetik bota eta oinarekin zapaltzen ari dira txiki-txiki eginda uzteko. Gutxi batzuen aberastasuna beste guztion miseria.

Bitartean Hego Euskal Herrian 192.000 langabe daude une honetan. Hauetako askori langabezia saria amaitzen ari zaie eta murrizketen ondorioz, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (IMI) galtzeko arriskuan daude beste asko. Nafarroan 2.000 lagun dira saretik kanpo geratuko direnak, lehen urtean %10 eta %20 bitarteko murrizketa eginez. EAEn egin duten lege-erreformak ere milaka pertsona sistematik at utziko ditu %7ko murrizketak eginda. Gazteak, emakumeak eta etorkinak izango gara sektore kaltetuena.

Alokairua sustatzeko gazteoi emandako 210 euroko laguntza ere jo puntuan dute Rajoyren murrizketek. Laguntza izoztu dute nahiz eta oraingoz jasotzen duten 300.000 lagunei ez dieten kenduko. Azken datuen arabera, bankuek egunero 8 etxebizitza husten jarraitzen duten bitartean, gazteok etxebizitza bat alokatu eta duintasunez bizi ahal izateko egun irabazten dugunaren ia bikoitza irabazi beharko genuke.

Argigarriak dira Gasteizko Udalak kaleratu berri dituen datuak. Gazte arabar batek soldataren %30a hipoteka ordaintzeko erabili ahal izateko, 2.900 euro irabazi behar lituzke hilero. Etxebizitza alokatzea nahi balu, 821 euro inguru ordaindu beharko lituzke, 457,71 euro baino gehiago ordaindu ezin dituenean batez beste -praktiketako kontratuarekin dabilenak amestu ere ezin du egin-.

18 eta 34 urte arteko gazteen %50a baino gutxiago daude emantzipatuta Araban. Alokairuko laguntza kenduz gero, kaltetuenak emakume gazteak lirateke gainera, iaz laguntza jaso zutenen %60a izan baitziren. Hori guztia, lana dutenei begira, noski. Lan erreformek eta murrizketek prekarietatea handiagotu baizik ez dute egin. Eustaten azken datuen arabera, EAEn 16 eta 24 urte arteko gazteen %24 langabezian dago -2007an baino 14 puntu handiagoa-. 25 eta 44 urte artekoen artean %12,1ekoa da langabezia -2007an baino 8 puntu handiagoa-. Beste adin tarteekin alderatuta hirukoitza eta ia bikoitza da langabezia tasa hurrenez hurren. Nafarroan, 16 eta 29 urte arteko gazteak dira langabeen %21,8.

Alternatiba badago, ordea. Burujabetza politiko eta ekonomikoa behar dugu euskal herritarrok, guk geure beharrak geuk nahi dugun bezala kudeatu ahal izateko. Eta era berean herri sektore bakoitzak ere burujabetza behar dugu gure alternatibak plazaratu eta gauzatu ahal izateko.

-Hasteko, merkatuen diktadurari aurre egin eta herritarron interesak lehenetsi behar dira, eragile eta herritarron parte hartzeko eskubidea bermatuz.

-Espekulazioari eskuak moztu behar zaizkio. Ekonomia erreala sustatuz eta tokiko beharrak asez, enplegua sor daiteke. Murrizketak eten eta sektore publikoa indartu herritar guztion ongizatea bermatzeko. Banku publikoa behar dugu, espekulazioa amaitu eta herritarron beharrak aseko dituena.

-Arlo ekonomiko, laboral eta fiskalean tresnak gure esku behar ditugu. Iruzur fiskalari aurre egin eta sistema fiskal justuagoa osatzeko. Gehien duenak ordain dezala gehiago! Lan Harremanetarako Euskal Esparrua behar dugu gure lan baldintzak bertako herritarren beharren arabera zehazteko.

-Garapen jasangarria gezurra da. Kapitalismoak izadi osoa zulora darama abiadura bizian. Bizi ereduaren gaineko sakoneko eztabaida egiteko garaia da, norabidea aldatu nahi badugu. Gutxiagorekin hobeto bizitzen ikasi beharko dugu.

Sistema kapitalistak eta bere balio sistemak huts egin dute. Kapitalismoaren berfundazio bedeinkatuak lokatzetan are gehiago kateatzea besterik ez du eragingo. Esklabotza eta menpekotasuna areagotu besterik ez da egingo. Merkatuen diktaduraren aurrean burujabetza politiko eta ekonomikoa behar dugu: Independentzia eta Sozialismoa.

Helburua lortzeko bidean ezinbestekoa da egunero gure inguruan ikusten ditugun bidegabekeriei aurre egitea eta alternatibak plazaratzea: etxebizitzen husteei aurre eginez, kaleratzeak salatuz, murrizketak salatuz, lan baldintza duinen alde borrokatuz, behar ez ditugun proiektuak geraraziz...

Hala, dei egiten diogu gazte orori Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat egikaritzeko lanetan parte aktibo izateko, mobilizazioetan parte hartuz eta alternatibak garatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo