GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

...Negua motz?

Sanblasak zeotibait dute eztarriarekin eta samarekin zerikusirik eta zaindu beharrik. Lepo-samak ondo zainduta ibili behar, eta kaskoa ere bai. Egun seinalatua bilakatu da aurtengoan, parean honenbesteko hotzaldiak seko harrapatu gaituenean: seko itsatsi, seko erantsi... esan ohi dugu hitzetik hortzera, hain lehorra ez denean ere. Baina, hara: kontrastez azpimarratzeko usadioa beti egon da bizirik sukaldeko mintzaira lasaian gauzak nabarmenduz adierazi nahi izan ditugunean. Bada elur lehorra aipatzeko ohitura ere: eta oraingo hauxe dugu elurretan lehorrena, zolaratu eta gero, urtu gabe, bere horretan irauten eta jelatzen dakielako, eta pausoa kontuz ematen erakusten digulako. Izotzak «beltza» izaten dakien gisara, bestalde; eskarmentuak halaxe erakutsita, kontraste latza adierazi nahi izan denean, gehienbat baserriko bizimodutik sortuta hau ere... Normalean izotz zuri ihintz igarra dena bixtatu izan dugu, hotz zurixkakoan bildua. Ankerragoa izan, ordea, ikusten ez den izotz horma beltza deitu izan dioguna. Espaloian ez da ikusten, zeargia izanik; are gutxiago, lurzoru estratako beltzean: gogor-gogor, trinko hormatua, huraxe benetan, izotz beltza.

San Blas gaur, bai, eta Santa Agata bezpera, eta Kandelario biharamuna: badute datok halako mugarri seinalatuen tokia. Ez naiz hasiko atzoko Kandelario egunari itsatsi zaizkion hainbat esaera eta kontu seinalatzen. Nolanahi ere, eguraldi hain desberdin eta koskatsu erpinekoek erakutsi izan dute, sasoiari dagokiona ez dela batere ziurra eta seinalatua izaten. Holako zer edo zer adierazi nahiko luke 'otsail' izenak ere: fidatu, fidatu...!

Honelakorik inoiz ikusi al dugun galdezka dabilenik franko bada inguruan. Ez da erraza izaten horietako batzuei gauzak argi adierazten baina, izotzak emaniko erpinenetakoak gogoratzeak ez du kalterik egiten, ezta? Bilbon, -8 gradura arrimatu ziren 1963an; Igeldon, -10°, 1985ean; Arantzazun, -14°, urte berean; Iruñean, 1985ekoan baitere, -16°; eta Gasteizen, -20'8°, 1971n. Urte hartakoa ere, ez zen itsasotik sartutako hotzaldia, kontinentala eta siberianoa baizik.

Halere, gure zaharren eskarmentuak balio badu, «Kandelario hotz, negua motz». Zeren, fidagaitzagoa genuke bestearena: «Kandelario bero, negua gero». Beraz, kontsola gaitezen, hotz motzagoarekin...