GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gorenak «argudio» berberak eman ditu

Auzitegi Goren espainiarrak Igor Portu eta Mattin Sarasola atxiloaldian ez zituztela torturatu berretsi izana ez da ezustekoa izan, baina joan den azaroan eman zuen ebazpenean zioen gauza bera esateak orduko ezinegon bera eragiten du torturak ibilbide luzea duen herri honetan, praktika hori bukatzeko borondaterik eza sumatzen baita. Gorenak atzera bota du Porturen eta Sarasolaren defentsak ebazpen hura baliogabetzeko eskatuz jarritako helegitea, Donostiako Probintzia Auzitegiak 2010eko abenduan lau guardia zibili ezarri zien bi eta lau urte bitarteko zigorra bertan behera uzteko argudio berberei eutsiz, bi nafarrenganako aurreiritziak ezkutatu gabe. Izan ere, tortura salatu zutenak ETAko militanteak izateak ebazpena baldintzatu zuen. Gainera, torturaren ebidentzia ukatzeko erabili ohi duten «eskuliburuaren» teoria ontzat jotzen du Gorenaren ebazpenak. Teoria horren -eta Gorenaren- arabera, torturak salatzea ETAren aginduei jarraitzea da, eta, ondorioz, torturak jasan izana salatzen duen euskaldun orok bere burua salatzen du, torturak salatzea ETAren aginduei jarraitzea baita.

Orain, Portuk eta Sarasolak Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera dute. Nolanahi ere, Gorenaren erabakia, ezustekoa ez izan arren, Estatu espainolak torturaren ibilbide luzea eteteko duen borondaterik ezaren azken erakusgarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo