GARA > Idatzia > Ekonomia

Burujabetza ekonomiko eta politikoaren alde, kaleak betetzeko deia zabaldu dute

Gobernu espainolak bultzatutako erreforma neoliberalen aurrean, Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoa defendatu zuten atzo Alternatiba, Aralar, EA eta ezker abertzaleko ordezkariek eta larunbatean egingo diren protestetan parte hartzera deitu zuten.

p025_f01.jpg

GARA | IRUÑEA

«Herri honek baliabide propioak dituelako», egungo krisialdi ekonomikoaren aurrean Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatu zuten atzo, Iruñean, Alternatiba, Aralar, EA eta ezker abertzaleko ordezkariek. Era berean, «pairatzen dugun krisialdi latzari eta honi aurre egiteko inposatzen ari diren murrizketa eta erreformei» erantzuteko, larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Txelui Morenok (ezker abertzalea) eta Asun Fernandez de Garaialdek (Aralar) azpimarratu zutenez, erreformen aurrean ozen erantzuteaz gain, ezinbestekoa da burujabetza politiko eta ekonomikoa oinarri izango dituen alternatiba berri bat eskaintzea. Ildo horretan, Moreno eta Fernandez de Garaialderen arabera, Euskal Herriak badu alternatiba hori eskaintzeko bitarteko nahikoa.

«Herri bizi eta aktiboa delako, sindikalgintza indartsua dugulako, industria sektore lehiakorra dugulako, formakuntza dugulako, enpresa ekimen indartsua eta kooperatiba mundu adoretsua dugulako eta esportatzen jakin badakigulako, herri hau burujabetzarako prest dago», zehaztu zuen Aralarreko ordezkariak.

Bestalde, «herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitzak bere esparruan eta ahal izango balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari» erantzun sendoa emateko beharra nabarmendu zuten.

Proposamen zehatzak

«Erantzuna gure esku, erabakia gure esku» leloari jarraiki, Morenok eta Fernandez de Garaialdek proposamen zehatzak jarri zituzten mahai gainean. Lehenik eta behin, «iraganeko errezeta neoliberalak baztertu eta herri ikuspegitik gure erakundeak garai berrietara egokitzeko beharra» aldarrikatu zuten. Hein horretan, inberstio pubiko eta soziala bultzatzea mugarri garrantzitsutzat jo zuten.

Bestalde, krisiari aurre egingo dion bide orriak enplegu duina eta soziala sortzeko neurriak bildu behar dituela adierazi zuten, «ekonomiaren helburuak ezin baitu gutxi batzuen mesedetan garatzen den prozesua izan».

«Herri solidario eta justuago bat» eraikitzeko zutabeak ere izendatu zituzten; fiskalitatea, finantza-eragile publikoak eta berrikuntza eta ikerketa politikak eraldatzea, hain zuzen ere. Morenok esandakoaren arabera, finantza sistema baino, ekonomia erreala delako indartu behar dena, Euskal Herriaren kasuan nekazaritza, arrantza, industria eta zerbitzuak alegia.

Gaineratu zuenez, egungo marko juridikoak eta espainiar Gobernuaren erabakiek «kalte ekonomiko eta soziala besterik ez digute egiten». Hori dela eta, euskal esparru soziekonomiko eta laborala eraiki eta errespetarazi beharrekoa dela esan zuen.

Bestelako politika ekonomiko eta sozialak garatzeko beharrezko tresnak zeintzuk diren ere azaldu zuen Morenok. Batetik, nazio mailako kreditu entitate publikoa ezinbestekotzat jo zuten. Honek enpresa ertain eta txikien industria bultzatu eta autonomoak babesteaz gain, familien oinarrizko premiak asetzea izan beharko lituzke helburu nagusitzat, hots, «funtzio soziala ekonomizistaren aurretik izango duen finantza erakundea».

Ogasun sistemari buruz ere mintzatu ziren Aralar eta ezker abertzaleko ordezkariak. Zehazki, fiskalitate aurrerakoia garatzeko Euskal Herri osorako ogasun orokor eta bakar bat eskatu zuten, «nazio mailako politikak soilik nazio mailako erakunde eta ikuspegitik bideratu daitezkeelako».

Morenok ohartarazi zuenez, «gure borroka ez da identitate eskubide batzuk eskatzeko soilik egina, herritarren beharrei erantzuteko tresnak sortzeko baizik», eta bide horretan burujabetza ezinbesteko baldintza dela nabarmendu zuen. «Rajoyren errezeta neliberalak herri hau zulo beltzera darama», aitortu zuen. Horregatik, aldaketarako bidean pausoak egitera deitu zuen.

zulora

Rajoyren «errezeta neoliberalak» Euskal Herria zulo beltzera daramala salatu zuen Morenok, horregatik, eragile sozial, sindikal eta politikoei erantzun sendo bat emateko deia luzatu zien.

globalizazioa

Globalizazioari eta ekonomiaren mundializazio prozesuari aurre egiteko, burujabetza ekonomiko eta politikoa eskuratzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo