GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tolosako inauterietan 250 karroza eta konpartsatik gora batuko dira

Hilaren 16tik 21era iraungo dute aurten Tolosako festa kuttunenak diren inauteriek. Mozorroak, karrozak, konpartsak eta jai giro apartak bat egingo dute festarako gogoz diren guztiak hartzen dituen jaian.

p018_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Mozorroen gau-egunak badatoz pixkanaka-pixkanaka. Larunbat honetan bertan kaldereroak aterako dira kalera, mundu zabalean ospatzen diren festak ate joka dabiltzan seinale. Pasa den ostiralean aurkeztu zituzten, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, Euskal Herri osoan -baita nazioartean ere- hain ezagun eta kuttunak diren Tolosako inauteriak. Herriko alkate Ibai Iriartek, Edurne Mendia Kultura eta Festen zinegotziak eta Jokin Monfort Festen teknikariak aurkeztu zituzten ofizialki aurtengo egitaraua eta nobedadeak.

250 karroza eta konpartsa baino gehiago ibiliko dira Tolosako kaleetan. Zenbakiak gora egin dezake, halere, izena emateko epea ostiralean amaitzen da-eta. Hilaren 16tik 21era ospatuko dituzte edozein gertakizunen gainetik irauten duten jaiak. Izan ere, maien iragarpenei ere beldurrik ez dietela azaldu zuen Iriartek, «mundua bukatuko da akaso 2012an, baina Tolosako inauteriak inoiz ez», aurtengo kartelari erreferentzia eginez.

Tolosarrek egiten duten lana eta ahalegina eskertu zuen Udalak, prestaketa horiek guztiak gabe Tolosako inauteriek gaur egungo alaitasunik ez luketela transmitituko esanez. «Inauteriak tolosar guztion ondarea dira; haur, gazte eta heldu, guztiok gozatzen dugu jatortasunez. Txantxa da nagusi egun horietan, txantxa jatorra», azaldu zuen Iriartek.

Aurtengo berritasunak

Inauterien aurkezpenean pare bat berritasun ere aurkeztu zituzten. Batetik, Udaleko Berdintasun Sailaren eta Bilgune Feministaren ekimenez, eraso sexistak salatzeko gunea jarriko dute inauteriek iraungo duten sei egunetan. Adierazi zutenez, Udalak ez du eraso sexistarik onartzen, ez inauterietan, ez beste edozein egoera edo momentutan. «Halakorik gertatuz gero, berehalako neurriak hartuko dira», esan zuten. Karrozen eta konpartsen lehiaketan ere kontuan hartuko dituzte berdintasun irizpideak.

Bestetik, aurten neurri bereziak hartu ditu Udalak zezen-plazako edukiera errespetatu eta segurtasuna bermatzeko, eta karroza eta konpartsen gehiegizko soinu bolumena kontrolatzeko. «Udalaren ardura da herritarren eta jaiaren segurtasuna bermatzea», esan zuen. Zezen-plazan sartzeko sarrera izatea derrigorrezkoa izango da.

Programari dagokionez, eta nahiz eta egoera ekonomikoa zaila izan, orain arte izandakoa bezain zabala izatea lortu dutela esan zuen Udalak. Ohiko txaranga, karroza, konpartsa eta xexen-festez gain, besteak beste, kontzertuak izango dira zaldunita bezperan (larunbata) eta astelenitan (astelehena). Larunbatean, Resaka eta Ze Esatek! taldeak izango dira, eta astelehenean, herriko La Jodedera taldea eta Itziarren Semeak.

Aurten, lehen aldiz, egitarauak QR kode bat izango du telefono edo gailu eramangarriaren bidez zuzenean webgunera sartu eta inauteriei buruzko informazio guztia jasotzeko. Bestalde, ostegun gizen egunean konpartsa berri bat izango da, eta Kabi-Alai elkarteak Eduardo Chocano izendatuko du «Inauterizale Kuttun». Horrez gain, Aurrera elkartearen ostegun gizeneko danborradan ordutegi aldaketa izango da, 20.00etan hasiko baita danborrada. Haurren danborradarentzat ere bereziak izango dira inauteriok, 50 urte beteko baititu aurten.

garraio publikoa

Tolosara iristeko garraio publikoa indartuko da, aurreko urteetan lez. Informazio zehatzagoa jasotzeko, Tolosako Udaleko webgunera jo: www.tolosakoudala.net.

epea zabalik

Konpartsa eta karrozetan parte hartu nahi duenak -dagoeneko badira 250etik gora- epea zabalik du oraindik, datorren ostiralean amaitzen baita epea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo